Orain hilabete onartu zuen Udalak, Norberto Almandoz eremua garatzeko programa, EAJren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Izan ere, bere kezkak erakutsi ditu EH Bilduk, eta alegazioak aurkeztu ditu, hiru helbururekin: Kale Nagusia 24an bizi eta jarduera ekonomikoa duten pertsonen eskubideak bermatzea; udaletxeko plazara iristeko igogailua egitea; eta eraikin berriko lokalen zati bat, Udalaren jabetzakoa izatea.
«Familia baten eta ileapaindegi baten etorkizuna daude jokoan, eta eskatu dugu, prozesu guztian zehar kaltetuek berme guztiak izatea; familiaren etxebizitza eskubidea eta komertzio txikiaren bideragarritasuna ziurtatzea», azaldu dute.
«Pisuzko justifikaziorik gabe desagertu da promotoraren zama, igogailua egiteko»
Modu berean, EH Bilduk gogorarazi du, aurreko legealdian promotorari ezarri zitzaiola zama, Goiko Plazara igogailua jartzeko: «oraingo agirietan, aldiz, pisuzko justifikaziorik gabe desagertu da zama hori».
Horregatik, eskatu dute igogailuaren proiektua berreskuratzea: «herriko gune garrantzitsuenetakoa da; beraz, promotorearen kargura igogailua bideratzeko unea da, eta ihes egiten utzi ezin den aukera».
Beste bi igogailu ere behar direla uste du alderdiak: Arrobitxulotik kiroldegira, eta Joseba Barandiaran plazatik Anuskara eta kultur etxera.
Lokal berria, Bake Epaileak eta Udaltzaingoak
Bestalde, Udalak lokalak eskuratzea ere eskatu du EH Bilduk: «legez eman behar dizkio promotorak, baina ordainetan dirua jasotzearen alde egin du Udal Gobernuak. Atzerapauso onartezina da hori. Lokalak eskuratuko balira, Bake Epailea eta Udaltzaingoaren egoitza mugitu daitezke bertara; eta horrela, Jubilatuen Elkartearen lokala haunditu, eta Udaleko sarrera eta erregistro zerbitzua hobetu».
Zentzu horretan, kritikatu du Udal Gobernuaren «axolagabekeria eta utzikeria», eta uste du agiriak «promotoraren neurrira» onartu dituela, «herriaren beharrei bizkar eginez».
Kanpaina, ostegunetik
Afaria egin dute Zipotzan, hasteko.
Ostegunean hasi du hauteskunde kanpaina EH Bilduk, gauerdian, eta afari batekin eman zioten hasiera, Zipotza elkarteanBertan azalduko zituzten kanpainaren nondik norakoak.
Jardunaldi bana egingo dute Erribera eta Sagardo Plazan, ekainaren 13an eta 15ean, 19:00etan. Hilaren 16an, berriz, Pintxo botoa izango da Erribera, Arrobitxulo eta Ergobia plazetan; 17an bizikleta martxa herrian, eta 18an mendi martxa Santiomendira.
Bestalde, EH Bilduk herritarrak animatu ditu, botoa posta bidez emateko aukera aprobetxatzera. Ekainaren 16ra arte dago epea.