Bi zita oso garrantzitsu dauzkate gaur, Astigarragako pelotariek. Batetik, bueltako partiduak izango dituzte Herriarteko Txapelketan, final laurdenetan; eta bestetik, finala jokatuko du Oier Gurutzealdek, Euskal Herriko Trinkete Txapelketan.
Arratsaldeko 18:00etan izango dute zita, Oñatin, Herriartekoan arituko diren sei protagonistek; aurreko astetik, bostek errepikatuko dute: kadete mailan, Olarra eta Urdangarin ariko dira; jubeniletan, Oiarbide eta Exposito; eta nagusietan, Loidi eta Santxez.
Bi partidu irabazi zituzten Astigarragan, joanekoan; jubenil eta nagusietan, hain justu. Hori alde dutela, semifinaletara sailkatzen saiatuko dira.
Euskal Herriko finala Iruran, Oier Gurutzealdek
Goizean jokatuko du Oier Gurutzealdek, Iruran. 10:30etan hasita, hirugarren partiduan, Euskal Herriko txapela izango du jokoan astigartarrak, trinketean buruz buru.
Aurrean, bizkaitar bat izango du: Sopelako Inhar Ugarte, hain zuzen ere.