Maiatza hasieratik Ur Miako presidente berria da Joxe Manuel Huizi. Bi urterako hartu du kargua, eta lanerako gogoarekin dela azaldu dio Kronikari. Goizuetarra da jaiotzez Huizi, baina 27 urte inguru daramazki Ereñotzun, eta beraz, nolabait iñatzuarra ere badela esan daiteke. Hala sentitzen dute bertako bizilagunek, eta atzo, errekonozimendu hori jaso zuen. San Antonio jaietako txupinazoa bota zuen atzo, Joxe Manuel Huizik. Ez zuen espero, eta sorpresa izan dela aitortu dio Kronikari: «goizuetarra naiz jaiotzez, nahiz eta urte asko daramazkidan Ereñotzun. Beraz, txupinazoa nik botako nuela esan zidatenean, ez nuen espero. Sorpresa polita izan zen».
«Goizuetan bizi nintzenean ere etortzen nintzen San Antonioetara»
Hitz askoko gizona ez dela dio Joxe Manuelek, eta diskurtso luzerik bota ez bazuen ere, ederki animatu zituen bertaratutako guztiak: «Gora San Antonioak! Ondo pasa eta disfrutatu jaiez» izan ziren atzo, besteak beste, Huizeren hitzak. Nahikoa eta soberan, suziriak eztanda egin bezain pronto, jai giroan murgildu baitziren auzotarrak.
Festen inguruan galdetuta, San Antonioak betidanik gustatu izan zaizkiola azaldu dio Kronikari, Huizik: «Goizuetan bizi nintzanean ere, gustura asko etortzen nintzen Ereñotzura San Antonioetan. Parranda ederrak botatakoa naiz ni hemen. Orain ere asko disfrutatzen dut, baina beste modu batera».
San Antonio eguna, bereziena
San Antonioak berezi dira hainbat gauzengatik, eta horietako bat da, egun askotako jaiak direla. Bat aukeratu behar izanez gero, San Antonio egunarekin geratuko litzateke Huizi: «egun guztiek dute zerbait, baina San Antonio eguna da niretzat bereziena. Inguruko herrietako aiton-amonak etortzen dira egun horretan, eta giro berezia izaten da Ereñotzun». Ekitaldien inguruan galdetuta ere, erantzuna argi du Huizik: «denetarik izaten da, baina niri bereziki herri kirolak gustatzen zaizkit; eta hauen artean, aizkolariak!».
Ur Mia, auzoaren bilgune
Festak alde batera utzi, eta Ur Mian hasi berri duen ibilbideari buruz ere galdetu nahi izan dio Kronikak, labur-labur. Orain artekoek egin duten lana azpimarratu nahi izan du Huizik, eta nahiz eta ideia berriren bat izan, erronka orain artekoa mantentzea dela azaldu du: «kargua hartu aurretik ere martxa ezagutzen nuen pixka bat, eta egia esan holakoetan konturatzen zara aurrekoek egin duten lan guztiaz. Berriak etortzen direnean ideia berriak sortzen dira, baina errealitateak beste bide batera eramaten zaitu. Hasiera batean helburu nagusia da orain arte bezala jarraitzea; urtean zehar antolatzen diren mus txapelketak, barrikotea... etab. antolatzen jarraitzea, eta bereziki jendea erakartzea. Ur Mia auzotarren bilgune da, eta hori izaten jarraitzea nahi dugu».