Gora San Antonioak!» oihukatuz txupinazoa bota zuen atzo Ur Mia elkarteko Juan Manuel Huizi Artantxuk. Berak eman zien hasiera ofiziala Ereñotzuko jaiei elkartearen izenean, baina aurretik beste zenbait ekintzek girotu zuten ingurua: pelota partiduak izan ziren herenegun Ugaldetxon, eta Txirrita eskolako haurrek dantza emanaldia egin zuten atzo Txirrita bertsolariari buruz. Txupinazoaren ondoren, trikitilariak, herri afaria eta DJak ere izan ziren bertan.
Gaurtik aurrera festak aurrera egingo du eta horretarako, ekintza mordoa antolatu dute, betiko moduan. Urtero bezala, herriko musikari, bertsolari, herri kirolariek... ez dute huts egingo, ezta Hernaniko Olinpiadetako gazteek ere. Gainera, nobedade bat izango da aurten: pintxo lehiaketa eta pintxo-potea egingo dute astelehenean.
Olinpiadak arratsaldez, eta Laiotzekin parranda
Gazteek izango dute protagonismo osoa gaur. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Hernaniko Gazte Olinpiaden azkenaurreko proba, eta ondoren, Laiotz taldearekin parrandan geratzeko aukera izango dute partehartzaileek.
Egunez, bihar
Bihar, aldiz, goizean goizetik izango da festa. Hernaniko txistularien dianak esnatuko ditu ereñotzuarrak goizeko 08:30etan. 11:30etan hasiko dira afizionatuen pelota partiduak frontoian, eta ondoren, 12:00ak aldera, sagardo probaketan bilduko da jendea. Arratsaldeko bertso-jaialdiarekin bukatuko da santuaren bezperako eguna.
Nobedadea San Antonio egunean
San Antonio egunak borobilduko ditu aurtengo jaiak, astelehenean. Herri kirolariak hasiko dira eguna girotzen eguerdiko 12:00etan: horretarako, bertan izango dira Inaxio Perurena harri-jasotzailea, baita Iker Vicente eta Mugerza aizkolariak ere. Segidan, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre bertsolariek saioa eskainiko dute plazan bertan.
Arratsaldean, 17:30etan hasiko da Ttarla dantza taldeko eta Ereñotzuko dantzarien emanaldia. Eta ondoren, 18:30etatik aurrera, sukaldaritzan duten trebetasuna erakutsi ahal izango dute ereñotzuarrek, aurten aurreneko aldiz egingo duten pintxo lehiaketan.
Lehiaketa irekia izango da, momentuan apuntatu ahal izango da: taldeka edo bakarka parte hartu ahal izango da, baina, gehienez, 4 kide izango ditu talde bakoitzak. Pintxoei dagokionez, zenbait baldintza jarri dituzte: plazan montatu beharko dira eta eskuz jateko modukoak izan beharko dira; 30 razio prestatu beharko dira, eta sua behar izanez gero, bakoitzak eraman beharko du. Irabazleak otordu bat eramango du, eta behin lehiaketa bukatuta, pintxo-potea egingo da, pintxoa eta pote bat, 1,5 euroren truke.
SAN ANTONIO JAIAK 2016
Gaur
11:00 Haur jaialdia Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta.
16:00etatik aurrera Hernaniko Gazte Olinpiadak.
20:00-21:00 Laiotz taldearen lehenengo saioa.
00:30 Laiotz taldearekin parranda, goizaldera arte.
Bihar
08:30 Diana Hernaniko txistulariekin.
11:30 Afizionatu mailako pelota partiduak.
Paleta gomaz, emakumeak: A. Arrieta-M. Goikoetxea/A. Araiztegi-M.Huizi.
Eskuz, gizonak: Olaizola I.-M.Lizeaga/M.Olazabal-E.Aizpitarte
12:00 Sagardo probaketa plazan, Ur Mia elkarteak antolatuta: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain.
18:30 Bertso Jaialdia: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Eli Pagola eta Unai Mendizabal.
Etzi, San Antonio eguna
12:00 Herri kirolak, plazan.
Harri-jasotzailea: Inaxio Perurena.
Aizkolariak: Iker Vicente eta Mugerza.
Ondoren, bertsolarien saioa: Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre.
17:30 Ttarla taldeko eta Ereñotzuko dantzarien emanaldia.
18:30-19:30 I. Pintxo Lehiaketa.
Ondoren, pintxo-potea, lehiaketako pintxoekin.
Bukatzeko, jaiei amaiera emango zaie suziriekin.
ELIZKIZUNAK
Bihar
10:00 Meza Nagusia.
Etzi, San Antonio eguna
08:00 Meza.
10:30 Meza Nagusia.
AUTOBUS ZERBITZUA
Gaur
Hernanitik (Zinkoenea) Ereñotzura: 00:00etan eta 03:00etan.
Ereñotzutik Hernanira: 00:30etan, 03:30etan eta 07:00etan.
Swing erritmora gaur, Gazte Olinpiaden azkenaurrekoan
16:00etan izango da Ereñotzuko proba; 15:00etan aterako da autobusa, Hernanitik.
Oinpiadetako zita berezienetakoa dute gaur Hernaniko gazteek Ereñotzun. Arratsaldeko 16:00etan hasita, aurtengo olinpiadetako azkenaurreko jardunaldiak girotuko du auzoa.
Hainbat proba, eta swing txapelketa, bukatzeko
Arratsaldean zehar, hainbat probatan hartuko dute parte Gazte Olinpiadetako 23 taldeek. Horien artean lau nabarmendu dituzte: Arripun!, boloak, hiruko lerroa, lokotxak eta sokatira.
Aurten, gainera, nobedade bereziarekin dator Ereñotzuko proba: swing erritmora dantzatu beharko dute gazteek.
Autobusa, joan eta etortzeko
Arratsaldeko 16:00etan emango zaio hasiera probari, baina 15:30etan egingo dute kedada talde guztiek. Ereñotzura joateko erraztasunak jarri nahi izan dituzte, eta horretarako, autobus zerbitzua jarri dute joan eta etortzeko: 15:00etan aterako da Txirrita kaletik, eta 20:30etan egingo du buelta Hernanira.