Osatu dute Astigarragako Gure Esku Dago taldea, hainbat bilera egin ondoren, aurrerantzean ekintza eta proiektu desberdinak martxan jartzeko.
Eta bihar bertan aurkeztuko dute taldea, herritarren aurrean. Joseba Barandiaran plazan izango da, eguerdiko 12:00etan, eta astigartar guztiei luzatu nahi diete gonbitea, bertaratzeko, eta ezagutzeko taldea zein den eta zein izango diren aurrera begira dauzkaten asmoak, erronkak...
Horretarako, bertan egongo dira taldeko kideak, eta aurkezpen gisa, idatzi bat irakurriko diete herritarrei.
Aurkezpenaren ondoren, festa giroa nagusi
Behin taldea aurkeztuta, festa giroak hartuko du Joseba Barandiaran plaza. Trikitilariak eta musika izango dira belarriak goxatzeko, eta tripak ere jasoko du bere gozagarria: pintxoak eta sagardoa eskainiko dituzte, guztientzat.
Gainera, argazki erakusketa ere egongo da plazan bertan, eta haurrentzako, eskulan tailer irekia izango da.
Postua, kamixetak erosteko
Gure Esku Dagoren postua ere jarriko dute, nahi duenak, kamixetak erosteko.