Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren barruan antolatutako beste bi ekitaldik Hernani izango dute agertoki, hil honetan. Batetik, hilaren 18an Topaguneak ikuskizuna emango du Kukai dantza taldeak 19:30etan Chillida Lekun, herriko musikagileek lagunduta, eta sarrerak salgai daude, 15 eurotan, Hernaniko Turismo Bulegoan edo Kutxabankeko kutxazainetan. Bestetik, Hitzargiak, Europako hizkuntza gutxituen topagunea, egingo da hilak 23 eta 24an, Orona Ideon. Parte hartzeko izena eman behar da: www.hitzargiak.eu.