«Igerilekuko obraren inguruan esan diren gezurrak argitu» ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 11a, 02:00

Luis Intxauspe alkateak eta Esti Aldeiturriaga, kirol eta jarduera fisikoko zinegotziak agerraldia egin zuten atzo, «igerilekuko obraren egoeraren irakurketa egin eta, bereziki, PSEk esandakoak gezurta­tzeko». Izan ere, nabarmendu zuten «aurrena lan egin, eta ondoren, komunikatu» egiten dutela; «ez dugu kea saltzen».

San Joanetan ixtea, osasun saileko bete-beharra
San Joan bezperan, hilaren 23­an itxiko da kiroldegi osoa. «Ez da igerilekua garbitzeko, PSEk prentsan esan bezala. Kontua da osasun sailetik betebehar batzuk daudela, eta kiroldegi osoa garbitu behar da, besteak beste. Urtero egiten da».
Igerilekua haunditzeko obra, berriz, uztailean hasiko da. «Lizitazioan jartzen du 10 hilabeteko obra izango dela, eta kalkulatzen dugu 12 bat izango direla. Ez dugu sekula esan 6 izango zirenik. Bestalde, PSEk esaten du uztaila txarra dela obretarako, baina erabil­-t­­zaile kopurua jaitsi egiten da udan, eta teknikoen irizpidea jarraituta egin dugu horrela».
Aurrekontuaren inguruan ere, argibideak eman zituzten. «Ez genuen sekula esan 1,5 milioi kostako zela; 1.700.000 euro aipatu ditugu. Baina, azkenean, igerilekua haundi­tzearekin batera, irisgarritasuna, segurtasuna eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin dugu. Eta hain zuzen, horrek igo du aurrekontua, 2.500.000 eurora».

Informazioa, buzoietan
Bestalde, azpimarratu zuten «proiektua igeriketa eta waterpoloko klubekin elkarkidetzan idatzi» dela, eta erabiltzaileei alternatibak eman zaizkiela; «lan politiko eta tekniko haundi baten ondoren, hitzarmena lotuta zegoenean komunikatu dugu». Gaineratu dute informazioa etxeetara bidali dutela. Ikusteko, beheko loturan sakatu.

Langileei, bermeak
Azkenik, azpimarratu zuten langileei bermeak emateko lan haundia egin dela. Irailean lehiaketa publikoa atera behar da, eta «guk, pleguen bidez, lortu dugu lehiaketara aurkezten diren enpresak behartzea langile horiek hartu eta baldintzak manten­tzera. Admi­nis­tratiboki egin genezakeen guzt­ia egin dugu. Hortik aurrera, enpresaren ardura da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!