Hernaniko Kirol Elkarteak antolatuta, patin ikastaroak izango dira datorren astetik aurrera. Izena eman edo informazioa eskatzeko: irristaketahernani@gmail.com edo 669 837 409.
Maila eta adin guztietara egokitutako ikastaroak
Irristaketa teknikari titulatuak emango ditu ikastaroak, haur, gazte nahiz helduentzat. «Sekula patinik jantzi ez duenak, hasiberria denak edota, patinatzen jakin arren, teknika landu eta hobetu nahi duenak» hartu dezake parte, arduradunek azaldutakoaren arabera.
Ikastaroetan ikasiko da minik ez hartzen, segurtasunez eta beldurrik gabe patinatzen, birak egiten, espaloiak igo eta jaisten, takoarekin eta T eran egoki frenatzen, atzerantz patinatzen eta bultzada teknika egokia lortzen. Kaleko oztopoei aurre egiteko trebezia ere landuko da.
Ekainaren 13tik aurrera
Hamabostaldiro izango dira ikastaroak, astelehenean hasi eta uztaila bukatu arte.
10 saioko prezioa 70 eurokoa izango da ikasle guztientzat, eta datorren astelehenean hasiko diren ikastaroen ordutegiak jarri dituzte, dagoeneko: astelehenetik ostiralera, 17:00-18:00, umeak; 18:00-19:00, hastapenekoak: eta 19:00-20:00, hobekuntzakoak. Larunbatetan, berriz, 10:00etan umeak; eta 11:00etan eta 12:00etan helduak. Denak, Elizatxoko aterpean. Uztailean goiz eta arratsaldez izango da aukera.