Hainbat bilera egin dituzte azken asteotan, Astigarragan, Gure Esku Dagoren talde sendo bat osatzeko herrian bertan. Eta horri esker, lortu dute taldetxo bat osatzea, aurrerantzean lanean aritu eta ekintzak antolatzeko.
Ba igande honetan egingo dute taldearen aurkezpena; Astigarragako Gure Esku Dago denaren aurkezpena, alegia. Joseba Barandiaran plazan izango da, eguerdiko 12:00etan hasita, herritarrei aditzera emateko zein den osatu den taldea, zein asmo dituzten, zein erronka, zein helburu... Guztiei luzatu diete gonbitea, bertaratzeko.
Musika, tailerrak, pintxoak, sagardoa, kamixetak...
Aurkezpena egingo dute aurrena, eta ondoren, denetik izango da plazan bertan. Trikitilariek eta musikak girotuko dute eguerdia, eta haurrentzako, eskulan tailerra ere jarriko dute, eta baita argazki erakusketa ere.
Jan-edana ere ez da faltako, pintxoekin eta sagardoarekin. Eta nahi duenak, aukera izango du Gure Esku Dagoren kamixetak erosteko, postuan.