Bikain borobildu zuen Oier Gurutzealdek, Espainiako Openeko banakakoa, eta txapela jantzi zuen, Eneko Maiz menderatuta finalean.
Gogorra eta estua izan zen lehia; ezin estuagoa, gainera. Aurreneko jokuan, 15-7 nagusitu zen astigartarra, baina buelta eman zion Maizek, bigarrenean, 11-15 irabazita.
Eta desenpatekoan, hamar tantora, bederatzina ere jarri ziren markagailuan, eta astigartarrak eraman zuen jokua berera (10-9). Jokua, eta baita txapela ere!
Binakakoan, berriz, ezin izango du txapela lehiatu. Garatearekin batera, galdu egin zuen semifinala, Errioxako Fernandez eta Larrearen kontra: 12-15 galdu zuten aurreneko jokuan, 15-7 irabazi bigarrenean, eta 3-10 galdu azkenekoan, desenpatekoan.
Herriartekoan, aurretik
Herriartekoan, berriz, 2-1 aurreratu zen Astigarraga, Oñatiren kontra. Galdu egin zuten Olarra eta Zapiain kadeteek (9-22), baina gehiago izan ziren Oiarbide eta Exposito jubeniletan (22-7), eta Loidi eta Santxez nagusietan (22-2).
Datorren larunbatean jokatuko dute final laurdenetako bueltakoa, Oñatin. Arratsaldeko 18:00etan izango da.