Prentsa ohar bidez EAJk kezka azaldu du, Hernaniko Udaltzaingoak bizi duen egoeraren inguruan: «Hernaniko Udaltzaingoko hainbat kidek, formazioa bertan jaso dutenek eta esperientziadunek, gure herria utzi dute beren lana beste nonbait egin ahal izateko. Tamalez, dena berdin mantenduz gero, ez dira azkenak izango».
Asko «guztiz nazkatuta» daudela uste du EAJk. Horregatik, hainbat soluzio proposatzen ditu. «Udaltzaingoa gutxiesteari utzi behar zaio; nahikoa da».
Arazoak: langile kopurua, segurtasuna, eskubideak...
EAJk hainbat arazo ikusten ditu, eta bat, langile kopuruari dago lotuta. «Hernaniko Udaltzaingoak 25 agente ditu kaleko zerbitzuan; beste bi, administrazioan; eta beste bi, kale heziketan. Horrela, lanaldiro bost agente izaten dira kalean. Plantillan 5 agente daude 51 urtetik gorakoak, eta hauetatik hiruk ez dute gaueko zerbitzurik egiten, eta bat, familia kontziliazioa dela eta, lanaldi erdian aritzen da, gaurik egin gabe». Ondorioz, gauetan agente gutxiago aritzen direla dio EAJk, eta hauek ezin dutela oporrik edo baimen egunik eskatu bitarte horretan. «Txotx denboraldian, San Joanetan eta Eguberrietan ere ezin dute oporrik hartu», eta «egindako aparteko orduengatik dagozkien egunak hartuta» eta abar, «hiru txandak eskas geratzen dira, zerbitzu publiko urria eskainiz».
Bestalde, txotx denboraldian eta «milaka pertsona elkartzen direnean» Ertzaintza ez dela inguruan ibiltzen salatzen du EAJk, «nahiz eta legeak hala ezartzen duen», eta honek eragina duela, «udaltzainen segurtasunean».
Beste salaketa bat ere egiten du EAJk: «Bilduk gobernatzen duen Udal honek ez du datu komunikaziorako TETRA sistema ezarri nahi; Ertzaintza, Udaltzainak, Euskal Herriko larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak eta anbulantziak harremanetan jartzen dituena».
Azkenik, EAJk salatu du formazioa jaso duten udaltzainen inguruko informazioari dagokionez, Bilduk izandako «obskurantismoa». Era berean, azaldu du 2011tik 2015era udaltzainei eskainitako 39 ikastaroetatik 21, udaltzain bakarrak egin izana. Bukatzeko, gehitu du «Hernaniko Udaltzainek ingurukoen artean gutxien kobratzen dutenak» direla.
«Udaltzaingoak 25 agente ditu kaleko zerbitzuan; beste bi, administrazioan; eta beste bi, kale heziketan»
Hainbat proposamen
«Udaltzain ihesari eta txotx denboraldiko kaosari aurre egiteko», hainbat proposamen ere egiten ditu EAJk.
Besteak beste, gaueko zerbitzuak indartzea Ertzaintzaren lan-boltsarekin; txotx denboraldirako, ostegunetik igandera lan egingo duten langileak kontratatzea; TETRA sistema ezartzea; edota langileen asebetezea neurtzeko inkestak egitea.