San Antonio jaiak berotzen joateko, Mendi Lasterketa antolatu dute aurten ere Ereñotzun. Seigarren edizioa izango da datorren astekoa, eta azken hiru urteetan bezala, Urdaburutik barrena izango da 12 kilometroko buelta. 832 metroko desnibel metatua du lasterketak, eta antolatzaileen esanetan, jaitsiera teknikoak izanagatik ere, edonork egiteko moduko lasterketa da.
Izen ematea, azkeneko momentura arte
Lasterketan izena eman nahi dutenek azken egunera arte izango dute aukera; baina komeni da lehenbailehen ematea. Izan ere, partehartzaile kopurua mugatua da: 200 lagun. Eguna bitartean izena eman nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean eta Ibai Mendi dendan dute aukera. Egunean bertan ere izango da aukera Ereñotzuko plazan, 09:30etan (dortsalak libre egonez gero).
Sariak, 3 aurrenekoentzat
Sariei dagokienean, aurreneko hiruentzat izango dira: hiru gizonezko eta hiru emakumezkoentzat. Partehartzaile guztiek jasoko dute opari bat; eta nola ez, gauza ugari zozketatuko dituzte: afariak, gaztak, txuletak, pastelak, arropak...
Umeentzat ere bai
Azken urteetako arrakasta ikusi eta gero, haurren lasterketa ere antolatu dute aurten. 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek kilometro bateko ibilbidea egiteko aukera izango dute. Kasu honetan, irabazleek ez dute saririk jaso; partehartzaile guztiek izango dute oparia.