Hitzarmena sinatu zuten ostegunean Hernaniko Udalak eta Donostiako Udalak, kirol azpiegiturak erabiltzeko. San Joanak pasata hasiko dira Kiroldegiko igerilekuko obrak, eta urtebete inguruko iraupena izango dutela aurreikusi du Udalak. Hori horrela, Hernaniko erabiltzaileek Donostiako Etxadi eta Paco Yoldi kiroldegietako igerilekuak erabili ahal izango dituzte irailetik aurrera. Erabilera hori ahalbidetzen duen hitzarmena sinatu zuten hain zuzen, bi Udalek. Sinaduraren aurretik, Martin Ibabe, Donostiako Kirol zinegotziak azpimarratu zuen halako hitzarmenek duten garrantzia: «balio haundia dute eta pozik gaude adostu denarekin. Udalerrien artean halako harremana izatea behar beharrezkoa da». Luis Intxauspek, Hernaniko Alkateak hasieratik izan den jarrera ona azpimarratu nahi izan zuen: «hitzarmen hau lortzea erraza izan dela azpimarratu nahi dut, eta baita eskerrak eman ere».