Ohiko Plenoa egin zen larunbatean, udaletxean, eta 17 gai landu zituzten EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko zinegotziek.
Besteak beste, aho batez onartu ziren Udala eta Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmena, kirol ekipamenduetarako dirulaguntzaren inguruan; Udala eta Aldundia eta Udala eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmenak, informazioa trukatzeko; kiroldegiko kudeaketa kontratuaren aldaketa; bi dekretu; eta zinegotzien kode etikoa.
Bestalde, 6 mozio aztertu ziren etxebizitza duinaren alde, diru-sarrerak bermatzearen alde, edota Siriako errefuxiatuen alde. Guztietan adostasunik izan ez bazen ere, akordioak lortu ziren hiru alderdien artean.
Abokatua eta prokuradorea, San Markoko auzirako
Plenoaren hasieran, apirileko ez ohiko Plenoko akta onartu zen, EH Bildu eta EAjren aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin. Duranek azaldu zuen ez zela izan aurreko Pleno hartan.
Jarraian, lehen aipatutako gaiak landu, eta bi dekreturen inguruan bozkatu zuten; biak onartu ziren aho batez. Batean, San Markos mankomunitateko 2015eko aurrekontuari helegitea jartzeko abokatua (Iñigo Lizari Illarramendi) eta prokuradorea (German Ors Simon) izendatzea. Bestean, parte-hartze ordenantzan aldaketa egitea, Urkijo Gobernu Delegatuaren salaketaren ondorioz.
Gartzia eta Olaziregi, Udalbiltzako ordezkari
Hurrengo puntuan, EH Bilduko Andoni Gartzia eta Ione Olaziregi zinegotziak izendatu ziren Udalbiltzako ordezkari. Gartziak azaldu zuen «eskertu» egiten zuela izendapena: «Udalbiltza da Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen elkarte publiko bakarra, eta inportantea da». EAJ eta EH Bilduk bozkatu zuten alde, eta PSE-EE abstenitu egin zen. «Abstentzioa ez da izendatutako pertsonengatik; Udalbiltza elkartea beragatik baizik», azaldu zuen Duranek.
Zinegotzien kode etikoa aho batez onartu bazen ere, eztabaida sortu zen fitxatu behar duten liberatutako zinegotzien inguruan.
Kode etikoa, kargu publikoen betebeharra zehazteko
Zinegotzien kode etikoa sozialistek aurkeztutako proposamena izan zen. Hain zuzen, Mikel Duran zinegotziak azaldu zuen «herritarrek kargu publikoa dugunoi eskatu behar dizkiguten portaerak zehazteko» proposamena zela.
EH Bilduko Andoni Gartziak azaldu zuen kode etikoa osa–tzeko «prozesuan parte hartu» zuela EH Bilduk, «hainbat emendakin eginez». Horrela, kode etikoan zehaztutako hainbat puntu azpimarratu nahi izan zituen: «parte-hartze arautegia betetzeko konpromisoa, udal arautegia betetzekoa eta liberatutako zinegotziek fitxatzea, soldata diru publikotik ateratzen denez, arduraz jokatzeko». Puntu horretan eztabaida sortu zen EAJ eta EH Bilduren artean. Izan ere, EAJko Zorione Etxezarragak azaldu zuen EAJk alde bozkatuko zuela, «ez baita zehazten liberazioak zenbatekoak izan behar duten, eta beraz, liberazio osoaz» ari dela ulertzen baitute. Gartziak erantzun zion «liberazio osoa ere ez» duela jartzen, eta beraz, kodea «ez betetzea» leporatu zion EAJri.
Sei mozio, etxebizitza duina, diru-sarrerak bermatzea eta siriarren alde
Jarraian, 6 mozio aurkeztu ziren. Aho batez onartu ziren etxebizitza duina izateko eskubidearen aldeko mozioa, sozialistek aurkeztua; errefuxiatu siriarren aldeko mozioa, hiru alderdiek modu bateratuan aurkeztua; eta elkarbizitza susutatzeko EH Bilduren mozioa. «Diputazioak esatea AGI laguntzak ‘dei-efektua’ sortzen duela, xenofobiara dijoan esamoldea da. Aldundiari eskatzen diogu horrelako esamoldeak baztertzeko, eta Udalari, zurrumurruen aurkako sarean parte hartzeko», azaldu zuen EH Bidluko Andoni Gartziak.
Foru Aldundiak AGI laguntza kendu ondoren, laguntza hori jasotzen zuten familiei diru-sarrerak bermatzeko, berriz, bi mozio proposamen egin ziren. EH Bilduk aurkeztutakoa ez zen onartu, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu baitzuten. Aldiz, jeltzaleek eta sozialistek proposatutako Elkar Ekin gizarte esku-hartze plan integralaren aldekoa onartu zen, EH Bilduk kontra bozkatu bazuen ere.
Andoni Gartziak salatu zuen AGI laguntza kenduta, «Astigarragako familia batzuk laguntzarik gabe» geratuko direla, eta «errumaniar kanpamenduetako proiektua aurrera eramatea ezinezkoa» izango dela. Mikel Duran sozialistak, aldiz, azaldu zuen «laguntza berriarekin, laguntza jasoko dutenen integrazioa eta formazioa bultzatzen» direla. EAJko Zorione Etxezarragak gehitu zuen ziur zegoela «EH Bilduk, Aldundian zegoenean aurreikuspenak intentzio onenarekin» egin zituela, baina aurrekontuak ez zuela ematen. Horregatik, Elkar Ekin proiektua «inor bazterrean ez uzteko asmoarekin» egin dela.
Azkenik, beste mozio bat onartu zen EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin: galdeketako emaitzak babestu eta Urkijo Gobernu Delegatua salatzekoa. Era berean, Andoni Gartziak konpromisoa eskatu zuen «herritarren %30ak parte hartu duen galdeketa batean, horietako %50ak gauza bat aukeratu duenean, erabaki hori betetzeko».
AGI laguntza kendu izanari aurre egiteko, EAJ eta PSE-EEren Elkar Ekin programaren aldeko mozioa onartu zen.
Berdinbidea programa eta deklarazio instituzionala
Azkenik, ekainean Plenorik izango ez denez, aho batez onartu zen ekainaren 28rako deklarazio instituzionala, Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Askapen Egunekoa. Era berean, azaldu zen Berdinbidea programan sartu dela Astigarragako Udala, eta teknikari bat izendatu dela, aholkularitza zerbitzua emateko.
Aurrekontu parte-hartzaileak eta tren geltokia
Galderetarako puntuan, Duranek galdetu zuen ea zehaztuta zegoen aurrekontu parte-hartzaileetarako prozesua noiz egingo den; EAJtik azaldu zuten berehala egin nahi dela, baina hauteskundeak datozela eta, noiz egin daitekeen galdetu dutela.
Bestalde, Andoni Gartziak «harridura» azaldu zuen, «alkateak prentsan» esandakoarekin: «tren geltokiaren proiektua egina eta erabakia hartuta dagolea». Desadostasunak izan ziren informazioaren inguruan, eta Hirigintza Batzordean argituko zituztela adostu zuten.