2014ko Hernani Erabaki partehartze prozesuan aukeratutako proposamen bati buruz azalpenak emateko eskatu dio Orain Hernanik Gobernu Taldeari azken asteetan. Indarkeria jasan duten emakumeei arreta psikologikoa eta juridikoa eskaintzeko aholkularitza zerbitzuari buruz eskatu dizkio. Honi erantzunez, prentsa oharra bidali du Gobernu Taldeak Kronikara.
«Informazioa eman zaie»
Gobernu Taldeak oharrean dio, OHk gardentasun falta leporatu diola: «gai honen inguruko informazioa eskatu dutelako eta hedabideen bitartez erantzun ez zaielako. Informazioa eskatu zuten Berdintasun Sailean, eta eman zitzaien. Berdintasun zinegotziari azalpenak eskatu zizkioten, eta eman zitzaizkien, ahoz eta idatziz. Herriko eragile feministak batzen dituen Berdintasun Kontseiluan ere eskatu zuten, eta eman zitzaien. Horrez gain esan, 2016ko udal aurrekontu proiektuak, Berdintasun Sailean aurreikusita zeuden partida eta inbertsio guztiak jasotzen dituela. OHk, beste alderdi guztiek bezala, eskuratu zuten Udal aurrekontu proiektua, 2015eko abenduko udalbatzarrean bozkatu baino lehenago».
Proposamenak izan duen ibilbidea
Prentsa oharrean, proposamenak izan duen ibilbidea ere zehaztu nahi izan du Gobernu Taldeak: «2014ko maiatzean egin zen proposamena. Udal teknikariek udan egindako balorazioan ontzat eman zuten. Iraila eta urrian, lehenesteko fasean, aurrera egin zuen proposamenak. 2015eko udal aurrekontuan txertatu zuen udal gobernuak. 2015eko urte hasieran, Berdintasun Saila proposamena gauzatzeko pausuak ematen hasi zen eta Diputaziora jo zuen informazio bila. Diputazioak azaldu zion aholkularitza zerbitzu hori berregituratzen ari zirela eta indartzeko prozesuan zeudela. Foru Aldundiak 2015eko maiatzean aurkeztu zuen emakumeei arreta psikologia eta juridikoa emateko zerbitzua, indartua eta hobetua. Ondorioz, hemen zerbitzu hori sortzeak bikoiztu egingo zuen zerbitzua. Hernani Erabakiren lehenengo urtea zenez, ez zegoen aurreikusia nola jokatu aldaketak egonez gero (2015ean jarraipen batzordea sortu zen horretarako). Berdintasun Sailak Berdintasun Kontseilura jo zuen, erabakigune partehartzailea zela aintzat hartuta. Kontseiluak gai horien inguruan dituen irizpideak kontuan hartzen ditu Udal Gobernuak. Kontseiluaren irizpidea izan zen momentuz aholkularitza hori ez sortzea, eta helburu berak dituen beste ekimen batzuk sustatzea, indarkeria jasan duten emakumeen arretan eta indarkeriaren prebentzioan. Hala, Udalak indarkeriari aurre egiteko protokoloa eguneratzeari ekin zion; eta prebentzioan, Plax! sexuari buruzko aholkularitza jarri zuen martxan. Honen inguruan esan, eskaini diren plaza guztiak bete direla, eta bereziki gazteengan izan duela arrakasta. Bestalde, 2015ean Udala eta Foru hauteskundeak izan ziren, eta Diputazioko gobernua aldatu egin zen. Zerbitzu sozialetik zerbitzuari buruzko kontsula egin zuten, eta momentuz, martxan jarraitzen du».
«Edozein herritarrek jakin dezake zer gertatu den»
Azkenik, OHri argitu nahi dio gardentasuna erakusteko bide ugari daudela: «Plenoak, Batzorde Informatiboak, aurrez aurreko galderak, posta... Eta herritarrek ere baliatu ditzaketen bideak dira. Bestalde, edozein herritarrek jo dezake, baita ere, Plaza Feministara. Bukatzeko, OHri Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbitea berretsi nahi diogu, emakumeen eskubideen alde hain sutsuki dagoela ikusita».