Ikasturte bukaera gerturatzen ari da eta hori ospatzeko, festa antolatu du Astigarragako Herri Eskolak gaurko.
Goizeko 10:00etatik aurrera izango dira ekintzak herriko hiru txokotan.
Orduan lau ekintzek bat egingo dute: eskolako patioan, olinpiadak egingo dituzte LHko ikasle nagusienek, eta margotzeko txokoa ere izango da bertan; eta pelotalekuan, argazkigintza eta sormen tailerreko erakusketaz gain, judo erakustaldia egingo dute ikasleek.
Ikasleen dantza emanaldia eta krosa, ondoren
Ondoren, 11:00ak aldera, ikasle guztiek bat egingo dute Txomiñenea pelotalekuan, eta bertan egingo dute emanaldi nagusia.
Hori bukatuta, nahi duten guraso eta haurrek bikotekako krosean parte hartzeko aukera izango dute. 950 metroko lasterketa izango da, eta ezinbestekoa izango da haur eta heldu banak osatutako bikoteka eginda.
Bazkalostean, musika
Krosa bukatzean, pelotalekura egingo dute buelta denek, eta bertan bazkalduko dute bapo-bapo, aurretik tiketa eskuratu dutenek.
Bazkalostean, festari bukaera musikatua jarriko diote; karaokeak eta diskofestak haur eta helduak aulkitik altxaraziko ditu.
Postua produktuak jasotzeko
Eguna aprobetxatuz, Zaporeak proiektuko boluntarioekin batera, postua jarriko dute gurasoek Foru Plazan siriar errefuxiatuentzat. Bertan jasotzen dena Chios uhartera eramango dute, bertan baitaude errefuxiatu kanpamenduak.
EGUNEKO EGITARAUA
10:00etan, eskolako patioan: Olinpiadak 3, 4, 5 eta 6. mailakoen artean, eta margotzeko txokoa LH6ko ikasleen laguntzaz.
10:00etan, pelotalekuan: Ikasleen judo erakustaldia.
10:00etatik 11:30etara, pelotalekuan: Argazkigintza eta sormen tailerreko ikasleen erakusketa.
11:00etan, pelotalekuan: ikasleen dantza emanaldia.
12:30etatik aurrera, Foru plazatik: Bikotekako Krosa (950 metro). Ez dago adin mugarik, baldintza bakarra da bikotea haur eta heldu banak osatzea.
14:00etan, pelotalekuan: Bazkaria.
16:30etatik aurrera, pelotalekuan: karaokea eta diskofesta.