Ekainaren 24ra arteko epea izanen dute nafarrek, errenta aitorpena egiteko, eta hau euskeraz egiteko kanpaina jarri du martxan UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren Udalekin elkarlanean. Herritarrek administrazioekin izaten dituzten harremanak euskeraz izan daitezkeela nabarmendu du, eta errenta aitorpena ere horrela egiteko deia luzatu du. Horretarako, nahikoa da, autolikidazio proposamena jasotzean, aurrerantzean euskeraz egin nahi duzula esatea; aitorpen mekanizatua egitean, hitzordua, aurrez aurreko harremana eta sinatzeko orria euskeraz nahi dituzula adieraztea; edo internet bidezko aitorpena egitean, programa euskeraz jaitsi eta hobetsitako hizkuntza atalean euskera aukeratzea.