Kirola bezala jan-edana, eta nola ez, baita musika ere. Beste urte batez, denetik izango dute Osiñaga auzoko jaiek, gaur eta bihar. Baina batez ere, giro ederra izango da nagusi, urtero bezalaxe.
Baina urteroko giro, ekintza eta otorduekin, izango dute zerbait berezia, aurtengo jaiek. 25garren urteurrena dute, 25 urte dira auzoko festak antolatzen hasi zirela. Eta ordutik, noski, ez dute hutsik egin.
Erakusketa, 25 urteetako jaien egitarauekin
Urteurren borobilaren bueltan, erakusketa jarriko dute jaietako bi egunetan. Batetik, ikusgai egongo dira, 25 urteetako jaien egitarauak; eta bestetik, baita Osiñaga auzoko eta Zikuñaga ermitako argazkiak ere.
Joan den urtean, Arriatsu eskolako ikasle ohien argazki zaharrekin osatu zuten erakusketa berezia.
‘Conquis’ekoak eta bertakoak, herri kiroletan elkarrekin
Bizikleta bira eginez hasiko dituzte jaiak, aurten ere, eta hamaiketakoa egingo dute ondoren, Arriatsu eskolan. Gero botako dute txupinazoa, eguerdiko 12:00etan, eta haur jolasekin iritsiko dira auzotarren bazkarira.
Arratsaldean izango da aurtengo nobedadea. Jaietara etorriko dira El Conquistador del Amazonas saioko bost lagun, eta Urumeako koadrilarekin batera, herri kiroletan arituko dira: aizkoran, txingak eramaten, lokotxak biltzen, harriak jasotzen, korrika...
Gero, dantzaldia eskainiko du Laiotzek, eta sagardo eta bakailu dastaketa ere ez da faltako. Eta afalorduan, Arriatsu eskolan daukate zita, giro ederrean: Hernaniko eskolako bertsolariek jarriko diote umorea afariari, eta Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz trikitilariek musika.
Neska-mutilak giza proban, bihar arratsaldean
Biharko eguna, auzokoak gogoratuz hasiko dute, eta pelota partiduak eta bertsolariak ere izango dira goizean. Gero, bazkari herrikoia antolatu dute Arriatsu eskolan bertan.
Arratsaldean prestatu dute beste saio berezi bat: giza proba desafioa. Zortzi neska arituko dira 550 kiloko harriari tiraka, eta sei mutil 600 kiloko harriarekin, zeinek plaza gehiago egingo.
Dantzaldiarekin bukatuko dituzte jaiak, Xaprerekin.
OSIÑAGAKO JAIAK 2016
GAUR
10:00, Bizikleta bira auzoan zehar.
Ondoren, Hamaiketakoa Arriatsu eskolan, partehartzaileentzat.
12:00, Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00, Bazkaria, auzokoek.
17:30, Urumeako koadrila eta El Conquistador del Amazonasekoak, herri kiroletan: aizkora, txingak, lokotxak, harriak, korrika...
Ondoren, Dantzaldia, Laiotz taldearekin.
19:30, Sagardo eta bakailu dastaketa.
22:30, Afaria, Hernaniko eskolako bertsolariekin eta Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz trikitilariekin.
BIHAR
Egun osoan zehar, Xapre arituko da giroa alaitzen, trikitixarekin.
12:00, Auzokoak gogoratuz, beheko zubian.
12:30, Gazteen arteko pelota partiduak.
13:00, Bertsolariak: Peñagarikano eta Telleria.
14:00, Bazkari herrikoia, Arriatsu eskolan.
18:00, Desafioa, giza proba: zortzi neska 550 kiloko harriarekin, eta sei mutil 600 kiloko harriarekin.
20:00, Dantzaldia, Xaprerekin.
*Erakusketa ikusgai: 25 urteko egitarauak, Osiñaga auzoa eta Zikuñaga ermita.