«Osiñagaren web orriak lagundu dezake, auzoaren memoria eta historia gordetzen»

Kronika - Erredakzioa 2016ko eka. 4a, 02:00

Ez dira asko izango, web orri propioa daukaten auzoak. Eta Osiñagak, dagoeneko badauka berea, historia, baserri, etxe, argazki, gertaera eta abarrekin. Larraitz Uriaren lana izan da, «handik eta hemendik in­for­ma­zioa jaso, digitalizatu, eta web orrialdean bilduta». Helbi­de honetan dago ikusgai: sites. google.com/site/osinagaauzoa.
Izatez ez da Osiñagakoa La­rraitz Uria, baina «oso lotura afektibo estua» dauka betidanik auzoarekin: «bertakoak dira, Txonkua-Enea baserrikoak, nire ama eta aiton-amonak, Garin  Ugalde familia; eta haurtzaroan denbora asko pasa nuen bertan».
Orain, ordea, pixka bat galdua dauka lotura hori: «aiton-amonak ziren lotura nagusia, baina hil zirenean, lotura gal­du genuen. Hala ere, txabola bat badaukagu Osiñagan, eta askotan joaten gara. Baina baserria hutsik dago, eta egia esan, tristura ematen digu horrela ikusteak».
Eta onartzen du Larraitzek berak, auzoko jaiak ez dituela asko bizi: «gutxitan egon naiz, ekintza puntualetan, baina joan naizenean, ikusi dut oso oso giro polita dagoela denen artean, 80 urteko auzotarretatik txikienetaraino; zaharrak eta gazteak, denak elkarrekin. Ama beti joaten da, antolatzen dituzten eskursioetara. Eta beti bueltatzen da txoratzen. Esa­ten dit zein giro polita dagoen, eta nola animatzen diren au­zo­tar guztiak, elkarrekin joatera».

Korpusetatik, Arriatsu eskolara
Azkenaldian berritu du bere lotura Larraitzek, auzoarekin. Hain zuzen ere, web orriarekin lanean hasi zenetik. Zentzu batean, kasualidadez etorri zi­tzaion: «Euskal Herriko Uniber­­tsi­tateko IXA taldean egiten dut lana, hizkuntzaren ikerketa eta prozesamenduan. Pro­iektu as­ko­­tan egiten dugu lan, eta Xu­xen zuzentzailea da gure produktu nagusia. Eta lanean nengoela, nik doktore tesia egin nu­en, euskerazko erroreen ana­lisian, eta konturatu nintzen, oso ba­lia­garriak direla korpusak edo testu bildumak. Eta horietan sakontzeko, ondarearen digitalizazio kurtso bat egin nuen. Ba juxtu orduan, jakin nuen Arria­tsu eskolako ikasle ohien bazkaria 25garrenez ari zirela os­pa­tzen, eta argazki zahar pila bat bildu zituztela. Eta iruditu zitzaidan, oso gai polita zela, ikasitakoa praktikan jartzeko. Zerbait egin nahi nuen, argazki horiekin».
Hasiera batean, beraz, Arria­tsu eskolari buruzkoa izan behar zuen web orriak: «baina eskolaren argazkiekin batera, Josu Arrietak askoz ere informazio gehiago pasa zidan. Auzoko baserri guztien zerrenda, eta bakoitzaren argazkiak ere bai. Eta azkenerako, auzoari buruzko web orria lantzen hasi nintzen». Gero, beste iturri batzuetara jo zuen, baserri eta etxeei buruzko informazioa osatzeko: «Gure baserriak Her­na­nin liburua utzi zidan aitak, eta Osiñagako baserriei buruzko informazio asko dago bertan. Eta Arriatsu eskolari bu­ruz­koa, Eulali Aranbururen Arria­tsu eskolaren historia li­bu­­rutik hartu nuen».

«Abiapuntua da, interesa duenak jarraitu dezakeena»
Garbi utzi nahi du Uriak, «afizioagatik» egin duela, «tartea daukadanean», eta ez dela lan profesionala. Eta dio bukatu gabeko lana dela: «nik hasi dut lana, abiapuntua da, interesa duen auzotarren batek edo, jarraitu dezakeena». Otsailean bukatu zuen bere lana, eta azken asteotan, jaietako programa gehitu dio. «Momentuz ez da asko zabaldu, baina ikusi dutenek, esan didate polita geratu dela, asko gustatu zaiela», azaldu du.
Bere ustez, horrelako lanek auzoaren memoria eta historia gordetzen laguntzen dute: «polita da, arbasoek bizitakoa bildu eta ezagutzea. Oso aberatsa da hori eskuragarri jar­tzea. Izan ere, orain, interneten aroan, informazioa digi­ta­liza­tzeak asko laguntzen du. Ohi­tu­rarik ez dago entziklopedia edo liburuetara jotzeko».

«Hementxe ikasi nuen nik txikitan, Kronikaren bulegoan bertan»
Zentzu horretan, oso interesgarria iruditzen zaio, Her­na­niko Udalak kultur ondarea biltzeko abiatu duen proiektua: «horren parte txiki txiki bat izan daiteke web orri hau. Lan asko dago egiteko, eta uste dut beharrezkoa dela. Gauza askori buruz, ez dakigu nondik datozen ere. Axeri Dantza, adibidez, neronek ez dakit nondik datorren, eta jakin nahi dut. Eta beste mila gauzari buruz, ez dago erraza informazioa lor­tzeko. Esate baterako, hemen­txe ikasi nuen txikitan, Kro­ni­ka­ren bulegoan bertan. Hau zen nire gela, Langile ikastolakoa».

«Berezia izan da, familia  batzuen historia ezagutzea»
Web orria egitearekin batera, gauza asko ezagutu ditu Uriak: «berezia izan da familia ba­tzuen historia ezagutzea, nola batzuek haurra galdu zuten istripuz… Anekdota asko ezagutu ditut, eta oso interesgarria izan da. Gustatzen zait ikustea, batzuk eta besteak nola ziren txikitan, eta entzutea, zer komentatzen dizuten, argazki zaharrei buruz. Ger­ta­tu zirenak, izan zirenak… Ar­gaz­ki baten inguruan dagoen guztia kontatzen dizute. Asko disfrutatu dut horrekin». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!