Eguraldia zela eta, atzeratu egin behar izan zuten A(ha)ldaba jo! herri antzerkiaren estrenoa, baina, azkenean, gaur gaueko 21:45etan antzeztuko dute, Ave Maria parkean; ordubeteko saioa izango da. Sarrera debaldekoa dela azpimarratu dute, eta 900 bat aulki jarriko dituztela. Gainera, 20:30etatik aurrera, pintxoak eta sagardoa jarriko dituzte.
Gure Esku Dagok antolatuta, hainbat herritarrek hartuko dute parte lauzpabost esketxez, bideo-irudiz eta zuzeneko musika eta dantzaz osatutako antzerki honetan; tartean, Juanbau Erauskin eta Enara Agirrezabalak.
Dantza, musika, irudiak...
Guztira, bost eszena antzeztuko dira: 50eko hamarkadan, bereziki Extremaduratik etorritako jendeari buruzkoa; inmigranteek gaur egun duten egoerari buruzkoa; Andrekaleko emakumeen bizimodua oinarri duena; eskola zaharra eta maisu autoritarioak irudikatuko dituena; eta egungo gazteena.
«Adin, pentsaera edota kolore desberdinetakook ezagutu dugu elkar ekimen honi esker»
Enara Agirrezabalak dantza garaikidea eginez hartuko du parte: «Txaro eta Miren irakasleen ideia izan zen irudikatzea zer gertatuko den etorkizunean Siriako errefuxiatuekin». Juanbau Erauskin, berriz, Jaendik etorritako gizon baten paperean sartuko da; «Orbegozoko langile baten paperean», hain zuzen.
Helburua, jendea aktibatzea
Antolatzaileen esanetan, «jendea aktibatzea, erabakitze eskubidea daukagula aldarrikatzea da obraren helburua». Baina ez hori bakarrik; «integrazioa, errespetua» ere, hainbat eszenetako oinarriak dira.
Erauskin eta Agirrezabalak onartzen dute eskatuta hartu dutela parte antzezlanean, baina gustora: «Hernaniko herritarrek antolatzen duten horretan sustraituta egon behar dugu. Partaide izan behar dugu. Are gehiago, Gure Esku Dagoren oinarrian dagoena kontuan hartuta; botereari esatea: zuek hor zaudete guk esandakoa egiteko. Eta horretarako, partehartzea da bidea», dio Erauskinek.
Agirrezabalak ere, antzezlanaren oinarrian dagoena azpimarratzen du: «pentsarazi egiten duen antzezlana da. Agian, horixe lortu nahi da; nork bere interpretazioa egitea. Adibidez, eszena batean magrebiar batek euskera ikasten duela ikusten da; zure esku dago ikastea ere».
Ahalegina, eskertzekoa
Antzerkia «xumea, baina borondate onenarekin egindakoa» dela diote antolatzaileek, eta parte-hartzaile guztien ahalegina eskertu dute: «atzeratu egin behar izan dela eta, zaila zen beste egun bat topatzea, 70 bat lagun ari baikara parte hartzen. Ederki egin dute lan, eta entsaioetan ere ikusi da, amateurrak, baina oso maila altukoak direla! Benetan eskertzekoa da».
Agirrezabalak ere horixe uste du: «balio haundia daukan jende asko dago: Amherrekoak, Olinpiadak antolatzen ari diren gazteak eta Sutu Hernanikoak, jubilatuak eta abar eta abar. Zaindu egin behar da jende hori, borondate hutsez lanean ari den hori».
«Pentsarazi egiten duen antzezlana da. Agian horixe lortu nahi da; nork bere interpretazioa egitea»
Era berean, oso aberasgarria dela ere iruditu zaie: «bestela elkar ezagutuko ez zuen jende askok egin dugu topo. Ekimen honek eman digu aukera ezagutzeko adin, pentsaera edota kolore desberdinetako jendea», dio Erauskinek.
Azkenaldian «geldo xamar» sumatu dute GEDren ingurua, baina «hau herri aktiboa» dela uste dute, eta gaurko antzerkiarekin hori erakutsiko dute.