Pleno luzea eta eztabaidatua izan zen asteartekoa. Hamabost punturen inguruan aritu ziren Plenoan bildutako alderdiak, eta ia guztiak onartu ziren, tartean: oposizioko zinegotzi baten liberazioa, Kiroldegiko obrak, Udal eraikinen garbiketa, eta bi mozio.
EAJk, liberatu bat
Apirilaren 15ean Tokiko Erakundeen lege berria onartu zuen Legebiltzarrak EH Bildu eta EAJren botuekin. Beste hainbaten artean, legeak jasotzen du 10.000 biztanletik gorako herrietan, oposizioko alderdiak zinegotzi liberatu bat izango duela. Hernanin Gobernu Taldeak bakarrik ditu zinegotzi liberatuak, eta orain, EAJk ere izango du bat. Atzo testu moldatua onartzekoak ziren, baina aplikazioan kezka sortu zaiola azaldu zuen EH Bilduk. Kontua da, zinegotzi liberatuei aurreko lanean duten soldata mantentzen zaiela: «eta kasu honetan, zalantza sortu da aurreko lana mantenduko den edo ez» gehitu zuen Alkateak. Hala, mahai gainean utzi eta hurrengo Plenora ekartzea proposatu zuen Intxauspek. Amonarraizek bat egin zuen erabakia atzeratzearekin eta «ados jartzen saiatu behar dugu», gaineratu zuen. Crespok gehitu zuen, bien artean jarri behar dutela ados, baina legea bete behar dela. Eta bide batez, dietak edo liberazioak eskatu zituen gainerako alderdientzat ere. Aristregik oposizio guztiarentzat baldintza berak eskatu zituen, eta gogoratu zuen Udal Legeak gutxienez liberatu bat aipatzen duela: «Gobernu Taldeari eskuzabaltasuna eskatzen diogu». Alkateak erantzun zuen horren inguruan hitz egin dutela aurretik ere, eta EH Bilduren batzarrak hartutako erabakia dela oposizioak liberatuak ez izatea.
Garbiketa kontratuak ere, aztergai
Kale garbiketa eta Udal eraikinen garbiketako kontratuen inguruan ere aritu zen Plenoa. Kale garbiketaren harira, Gobernu Taldeak azaldu zuen zerbitzua indartu beharra zegoela, eta urtebete luzatzeaz gain, 60.000 euroko aurrekontua izango duela orain. 50.000 euro erabiliko direla auzoak garbitzeko, San Joanetako garbiketa indartzeko, opor eta ordezkapenak kubritzeko... eta 10.000 euro Hernani Erabakin onartu moduan, Kaxkoko grafiti eta pintadak garbitzeko. Guztiek alde bozkatu zuten, OHk izan ezik. Aristregik esan zuen kontratazio pribatuekin bukatu behar duela Udalak. Gobernu Taldeak erantzun zion EH Bildu lanean ari dela bide horretan, «baina gogoratu nahi dizugu zuek ere Kontratazio Mahaiaren parte zaretela, eta kanpo kontratazioak onartu izan dituzuela». Crespo pozik azaldu zen garbiketa indartzeko hartutako erabakiarekin. Udal eraikinen garbiketaren kasuan, 6 enpresa aurkeztu zirela azaldu zuen eta EULEN SAri esleitu zaiola kontratua.
Sortzen elkarteari, 1000 euro
Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia egin zen Hernanin orain egun gutxi, eta Sortzen elkarteak dirulaguntza eskatu zion Udalari. Plenoak 1000 euroko laguntza ematea onartu zuen aho batez.
Udala eta Donostiako Kirol Patronatuaren hitzarmena, kirol zerbitzuak erabiltzeko
Kiroldegiko obrak direla eta, Hernaniko Udalak eta Donostiako Kirol Patronatuak sinatuko duten lankidetza hitzarmenaren proposamena eraman zuen Gobernu Taldeak asteartean, Plenora. Hauen botuekin onartu zen; oposizioa abstenitu egin zen. Esti Aldeiturriagak azaldu zuen hitzarmena. Igerilekuko obrak direla eta, hainbat irtenbide bilatu dituzte urtebetean hernaniarrek aukera izan dezaten. Zinegotziak azaldu zuen, gertu egotea kontuan izan dutela, eta hernaniarrek mugikortasun aldetik, bertaratzeko erraztasunak izatea. Paco Yoldi eta Etxadi instalazioak erabili ahal izango dituzte igeriketa eta waterpolo taldeek eta hernaniarrek; baina ez dira ikastaroak emango. Orain arteko txartel berdinarekin sartzeko aukera izango dute; hau da, herniarrak bazkide izango dira eta Udalak asumituko du diferentzia. Amonarraizek galdetu zion zergatik asumitzen duen Udalak adin txikikoen kostua eta ez helduena. Aldeiturriagak erantzun zion, klubekin aztertu dela egoera, eta adingabeak babestea adostu dela. Amonarraizen ustez, guztiei lagundu beharko lieke Udalak. Aristregik langileen egoera atera zuen mahai gainera. Azpikontratatuta dauden sorosle eta langileekin zer gertatuko den galdetu zuen, eta Udalak langileen eskubideak defendatu eta bermatu behar dituela gehitu zuen. Aldeiturriagak lantzen ari direla azaldu zion eta Alkateak azpimarratu zuen lanketa bat egiten ari direla, eta langileen eskubideak errespetatzen ez direla esatea, gehiegi esatea dela. Honen inguruan izan zen eztabaida nagusia. Crespok ere hartu zuen hitza, eta hitzarmenaz gain, airean askoz gai gehiago daudela esan zuen sozialistak. Denak elkartu eta bilera bat egitea proposatu zuen Crepsok; bi hilabete daramakitela hori eskatuz, eta denen artean ideia gehiago izan ditzaketela: langileak, ikastaroak, kluben egoera... eztabaidatzeko gaiak asko direla gaineratu zuen. Buruntzaldeako hitzarmena azken urteetan berraztertu izan balitz, hori soluzio bat izan zitekeela ere azaldu zuen Crespok. Alkateak erantzun zion, Buruntzaldean berriz sartzea erabaki ez bada, akaso nahi ez delako dela. Botazioan, Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen; eta oposizioa abstenitu egin zen.
Bi mozioak, onartuta
Orain Hernani eta Podemos Hernani Ahal Dugu zirkuluak eta Elkartasun Guneak aurkeztutako mozioak ere, onartu egin zituen Plenoak.
Aurreneko mozioak hainbat eskaera egiten ditu animalien eskubideak babesteko: animaliak erabiltzen dituzten zirkoen instalakuntza Hernani osoan debekatzea; kautibitatean dauden animalia basatien esposizioa debekatzea erakusketetan, eta baita kale edo bestelako leku publiko eta zentro komertzialetan; eta Udalak Euskal Gobernua estutzea horrelako debekuak autonomia osora zabaltzeko. Aho batez onartu zen. Gobernu Taldeak azaldu zuen, hala ere, orokorrago lantzeko gaia iruditzen zaiola, hausnartu beharrekoa; izan ere, erabaki hori inkoherentea izan daitekeela hilabete honetan herrian biziko denarekin. Gainerako alderdiak ados azaldu ziren mozioarekin, eta Aristregi berak azaldu zuen, hau aurreneko pausu bat izango dela, eta ordenantza bera ere, berritu beharko litzatekeela.
Elkartasun Guneak aurkeztutako mozioa ere onartua izan zen PSE-EEren abstentzioarekin. Bertan, Fresneseko espetxean izan berri den egoeraren berri ematen da: Itziar Morenoren aurkako zigorra; Ugaitz Errazkin hernaniarrak eta beste hainbat presok egin duten gose greba... Mozioan Udalari eskatzen zaio salatu dezala euskal presoen aurkako salbuespen legeen aplikazioa, eta zehazki Itziar Morenoren kasua. Honetarako, Udalari eskatzen zaio Fresnes espetxeko zuzendariarekin harremanetan jarri, eta oinarrizko eskubideak berma ditzala eskatzea. Alkateak jakinarazi zuen, bere izenean deitu ziola Fresneseko zuzendariari, eta Ugaitzen kasuari buruz eta dituzten asmoen inguruan galdetu ziola, eta berarekin bilera bat ere eskatu zuela, nahiz eta hau azkenean bideratzerik ez izan. Mozioa onartuta, orain eskaera Udalaren izenean bideratuko dela jakinarazi zuen. Ondoren, Inhar Olanok presoek bizi duten egoeraren berri eman zuen.
Hainbat gai, bukaeran
Plenoko puntuak bukatuta, galdera eta erreguak aprobetxatu zituzten alderdiek hainbat gai lantzeko. Horietako bat izan zen OH!k Alkateari egindako eskaera. Hernani Erabaki ekimenaren barruan, ‘Tratu txarrak edo indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntza juridiko eta psikologikorako zerbitzua’ emateko 20.000 euro bideratu zirela dio OH!k 2014an. Zerbitzu hori ez zela martxan jarri azaldu dute egunotan prentsan, eta dirua beste zerbitzu batzuetara bideratu dela. Gobernu Taldea eta Berdintasun Kontseilua minduta azaldu ziren, eta azken hau erabakigune bat dela azaldu zuen Alkateak; eta gogoratu zion, berak eman zizkiola azalpenak. Orain Hernanik adierazi zuen, berak ez duela Berdintasun Kontseilua inondik inora zalantzan jarri; eskatzen duten bakarra dela beraiei bakarrik ez, «herritarrei azaldu behar zaiela zergatik ez den erabakia martxan jarri»; 300 boto baino gehiago jaso zituen erabakia dela.