Kiroldegiko obrekin duten «desadostasuna eta dezepzioa» azaldu zuten prentsaurrean Ricardo Crespo eta Maria Jesus Ejido zinegotziek, eta Pablo Peñacoba Idazkari Nagusiak. Kiroldegiko obrek utziko duten ondorio larriena langileen lanpostuak direla azaldu zuten: «Udalaren gestio txarraren ondorioz, hainbat langilek kalteak izango dituzte. Egun 21 langile daude Kiroldegian, eta horietatik lau dira Udaleko langile fijoak; hiruk igerilekuan egiten dute lana monitore gisa. Hauek mantendu egingo dute lana, beste hainbat postutara bideratuko baitira». Gainerako 17 langileak ordea, fijoak ez direla azaldu zuen Crespok: «17 langile hauek kiroldegiari zerbitzua ematen dioten enpresako langileak dira. Igerilekua ixten denean batzuk lanpostua galtzeko arriskua dute; eta beste batzuk, lanaldiaren zati bat galdu dezakete. Irailean monitoreak kontratatzerakoan izango den jarreraren araberakoa izango da beraien etorkizuna». Gobernu Taldeak borondaterik azaldu ez duela ere, azaldu zuen.
Hernaniko Kiroldegia, Gipuzkoako zaharrena
Obrari dagokionean, Crespok azaldu zuen Hernaniko kiroldegia Gipuzkoako zaharrena dela, orain 36 urte inauguratu zela. Berritze proiektua bi fasetan egingo dela gogoratu zuen Crespok, eta ziurrenik hasiera atzeratu egingo dela azpimarratu zuen. Proiektua garestitu egin dela ere, gogoratu zuen: «hasierako kostua 1,5 milioi eurokoa zen, eta 2, 5 milioi eurora igo da. Udalak jarraipen zuzena egin behar dio, exigentzi eta kontrol osoarekin».
«Ez dugu informaziorik»
Obrak hasteko hilabete falta den honetan, informaziorik ez dutela azaldu zuen Crespok: «ez erabiltzaileek, ez kirol klubek, ezta guk ere... ez dakigu zeintzuk izango diren alternatibak. Inprobisazio asko ikusten dugu. Adibidez, igerilekua San Joanetan itxi egingo dela esaten da, garbiketa egiteko. Eta ze zentzu du horrek, aste gutxira bota egingo bada? Sozialistak hilabeteak daramatzagu informazioa eta dokumentazioa eskatuz; Kirol Komisioa elkartzea ere eskatu dugu. Gobernu Taldeak ez entzunarena egin du, eta azkenean, maitzaren 25ean elkartu ginen. Beraien asmoa zen, aurretik irakurri ere egin ez genuen hitzarmena onartzea. Hitzarmen horretan azaltzen da, Hernaniko Udalak Donostiari 84.908 euro ordaindu beharko dizkiola; 5,08 euro heldu bakoitzeko; eta 2,73 euro umeengatik. Txartelak baliogarriak izateko jarri behar den sistema informatiboa ere ordaindu behar du Udalak... eta urte horretan ez da ikastarorik izango».
PSE-EE Hernanik uste du obra aurreikuspen gehiagorekin gestionatu zitekeela: «gu igerilekua herriko beste puntu batean egitearen aldekoak ginen, baina EH Bilduren erabakia hau izan da. Agente guztiekin egin behar zen lana, eta Buruntzaldeako parte izango bagina akaso ez genituzke arazo hauek izango».