Nola eragingo du Hernani eta Astigarragan onartu berri den Udal Legeak?

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 7a, 02:00

Hogeita hamabost urte itxa­ron behar izan dira Eusko Lege­bil­tzarrak Udal Lege pro­pioa onartu duen arte. Api­ri­laren 7an bozkatu zuten Lege­biltzarreko osoko bilku­ran, eta EAJ eta EH Bilduren baiezko bo­tua lortu zuen, ofizialki Tokiko Erakundeen Legea deri­tzonak.
Legea onartuta, hemendik aurrera, Gipuzkoako, Araba eta Bizkaiko udalerriek jada 
ze­haz­­­tuta dituzte beraien es­ku­­­­men edo legezko lan-ere­mu­ak, baita lan horiek gara­tze­ko beharrezkoak diren fi­nan­­tzaketa-sistema ezarri ere.
Aldaketa honek gure ingu­ruko udaletan, Astiga­rraga eta Hernanikoan, alegia, nola era­gingo duen ulertzeko, Kro­ni­kak bertako alkateen­gana jo du. Udalentzat duen garran­tziaz eta herritarrengan duen eraginaz hitz egin dugu Jesus Mari Santos eta Luis Intxaus­perekin.

37 eskumen, Udalek
Udal Legeari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko udale­rri­­ek bi aldaketa nabarituko dituzte, batez ere: alde batetik, konpetentzia edo lan-esparru zabalagoa izango dute, 37 eskumen ezarri dizkie udalei; eta bes­tetik, lan horiek egiteko diru-sarrerak ere haundiagoak izango dira, horretarako eza­rritako finantzaketa-sistema berriari esker.
Aldaketa nabarmen hauen aurrean, bi alkateek positiboki baloratu dute Legea. Jesus Mari Santos Astigarragako alkatearen iritziz, Lege berriari esker, «Udalaren erabakitzeko gaitasuna indartu egingo du». Ildo beretik, Hernaniko alkate Luis Intxauspek azpimarratu nahi izan du: «udaletan lehen baino gauza gehiago egiteko aukera izango dugu, eta gaine­ra, diru gehiago jasoko dugu ho­riek egiteko».
Legea onartu baino lehen zenbait gaietan Hernanin bidea hasia zegoela aitortzen du Intxauspe alkateak. Horien artean hiru gai aipatzen ditu: tokiko ekonomiarekin eta gizarte garapenarekin lotuta, tokiko enplegu-planak eta politikak egin ahal izatea; herritarren partaidetza, gober­nu ona eta garden­tasunari dagokion atala; eta euskeraren erabilera sustatzeko udal-planak egiteko aukera. Dena den, alkatearen ustez, lan hori­ek egiteko ahalmena haun­diagotu, eta batez ere, «erre­konozitu eta antolatu» egi­ten da, baita babes juridikoa bermatu ere.

Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea: «udaletan lehen baino gauza gehiago egiteko aukera izango dugu, eta gaine­ra, diru gehiago jasoko dugu ho­riek egiteko».

Finantzen Euskal Kontseiluan boto eskubidea, udalek
Udalek hemendik aurrera izan­go dituzten eskumenak legez­­tatzeaz gain, finan­tzaketa-sistema ere arautzen du Tokiko Erakundeei buruzko Legeak. Aldaketa nabarmena da Finantzen Euskal Kon­tseiluan udalen ordezkaritzak boto ahalmena izango duela.
Finantzen Euskal Kon­tseilu­a Euskal Autonomia Erkidegoko diru-sarreren ba­na­­keta egiten duen organoa da, eta Eusko Jaurlaritzako eta hiru lurraldeetako Foru Aldun­dietako ordezkariek osatu izan dute orain arte. Egia da Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, parte hartu duela Kontseiluan, baina boto esku­bi­derik gabe. 
Hemendik aurrera Finan­tzen Euskal Kontseiluan uda­lek boto ahalmena lortu izana, aldaketa «garran­tzi­tsua» dela adierazi du Luis Intxauspe Hernaniko alkateak. Izan ere, horrek esan nahi du «diru-sarreren banaketa egi­ten den organo horretan uda­lak ere egongo direla», eta beraz, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiekin batera dirua zertan gastatzen den eraba­kiko dutela.
Hala ere Legean, modu teorikoan onartutakoa nola gauzatzen den ikusi beharko da, Jesus Mari Santos Astiga­rragako alkateak dioen bezala: «oraindik ikusi behar dugu nola gauzatuko den Legeak proposatzen duena. Diru iturri osagarriak etorri beharko lu­kete, eta beraz, zerbitzu batzu­etan Udalak dirua aurkezteko aukera izan beharko luke».
Era berean, Zerga Koor­dinaziorako Organoan ere hitza eta botoa izango dute udalek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin batera.

Gizarte Larrialdietarako zerbitzuan aldaketak, nabarmentzeko
Finantzazioaren gaiari heldu­ta, badago gai bat Euskal Auto­nomia Erkidegoko alkate gehienek aipatu dutena, baita Intxauspe eta Santosek ere: Gizarte Larrialdietako Zerbi­tzu­e­na, hain zuzen. Gai hori gakoetako bat izan baita Udal Legea onartzeko EH Bilduk eta EAJk egindako akordioan.
Luis Intxauspe alkateak azaldu duenez, horrela alda­tuko du Lege berriak Gizarte Larrialdietako laguntzen fi­nan­tzaketa: «Gaur egun Aldun­ditik edo Jaurlaritzatik diru-kopuru bat jaso­tzen dute udalek gizarte laguntzetarako. Gertatzen dena da behar horiek gero eta haundiagoak direla eta, kasu askotan, urte erdirako edo irailerako bukatu egiten dela poltsa hori. Orduan, urte bukaera bitarteko egoera larri guzti horiek Udalek beraiek finantzatu behar dituzte. Lege honek jasotzen duena da behin diru hori bukatuta, geratzen den guzti horren finantzaketaren herena Eusko Jaurlaritzak finan­tzatuko duela».
Finantzazio aldaketa honen ondorioz, Gizarte Zerbitzuak «herritarren eskaerei erantzun ahal izateko diru-iturri berriak izango ditu eta, hortaz, balia­bide gehiago ere bai», azaldu du Astigarragako alkateak. Dio­­enez, «honek bereziki pozten gaitu».

Jesus Mari Santos, Astigarragako alkatea: «Udalaren erabakitzeko gaitasuna indartu egingo du».

Udal Euskaltegia eta Musika Eskolak, babestuta
Bestalde, Gizarte Larrialdien laguntzekin batera, Udal Le­geak ezartzen duen finan­tza­zio-sistema be­rriak Udal Eus­kaltegiak eta Musika Eskolak babesten ditu. 
Hernaniko udalari, eta zu­ze­nean herritarrei, eragingo dien aldaketa da hau, bi zer­bitzuak ematen dituen udala baita. Intxauspe alkateak azal­tzen duen moduan, «gaur egun dagoen finantzazio-sisteman, udalen parte-hartzea haun­diagoa da Jaur­la­­ritzarena baino. Horren aurrean, Le­ge­ak esaten duena da hori orekatu egin behar dela». 
Hemendik aurre­ra, Eusko Jaurlaritzaren aportazioa haun­­diagoa izango da, eta on­dorioz «Udala lasaiago ibiliko da, eta baliteke, kasu batzue­tan  matrikulak igo beharrik ez izatea». 
Oso gertuko kasuan dira bi hauek, teorian herritarrek «zu­ze­nean edo zeharka» na­ba­ri­tuko dituzten hobekuntzak baitira.

Herritarren parte-hartzea eta galdeketak egiteko oinarriak eta tresnak, bilduta
Legeak atal oso bat eskaintzen dio Gardentasuna, datu irekiak eta herritarren parte-hartzea gaiari, horrela, garrantzia be­re­zia jarriaz. Legearen sarre­ran irakurri daitekeen modu­an: «legea saiatzen da tokiko politika publikoen diseinu­an, erabakian eta ezar­penean herritarrek infor­mazioa esku­ra­tzeko eta parte-hartzeko bidea izan dezaten bitartekoak sustatzeko dagoen premia larriari erantzuten, eta horre­la, aurre egiten ordez­karitzako demokrazia tradizionalak be­rez­ko dituen zenbait ahule­ziari eta boterea are gehiago kon­trolatzeko eta kontuak argiago emateko eskakizunak ekarri­tako erronka berriei».

Hemendik aurrera, 37 eskumen izango dituzte udalek, eta Finantzen Kontseiluan boto eskubidea izango duten, diru-sarrera nolakoa izango den erabakitzeko.

Kasu praktikoak Hernani eta Astigarragan
Parte-hartzearen bueltan, adi­bi­­de garbiak dituzten herriak dira bai Hernani, baita Astiga­rraga ere. Baina, Hernaniko alkateak dioenez, Udal Legeak zehazten du, aurreneko aldiz, «zer, nola eta zein modutan parte-hartuko duten herri­tarrek», eta horrela, «babesa eta legitimazioa» ematen zaie udalek martxan jartzen  dituz­ten parte-hartze prozesuei.
Galdeketak egiteko aukera ere ahalbidetzen du Legeak, baina Astigarragako alkateak dioen bezala, «herri galdeketa lotesleak» direnean, eta betie­re, «udalen konpetentzien ar­te­an». 
Apirilaren 17an Astiga­rragan egin zen hondakinen bilketa-sistemari buruzko gal­de­ketaren kasuan, ez luke Lege honek babestuko galdeketa ez-loteslea zelako. Hala ere Santosek dio, «ospatutako kontsulta loteslea ez izan arren, alderdiok emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu genuen; eta akordio horren bitartez lortu genuen lotesletasun hori».

Legearen etorkizuna, bermatuta?
Udal Legea onartzeko 35 urte itxaron behar izan diren arren, ez da gehiengo osoz onartu den gaia. EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa izan da, eta Eusko Legebiltzarrean ordez­karitza duten beste alderdiek, PSE-EEk, PPk eta UPyDk, alegia, kontrako botoa eman zuten.
Alderdien artean adostasun osoa lortu ez izateagatik, Lege­aren etorkizuna kolokan dago­ela esan dute aurka azaldu diren alderdi batzuk. 
Hernaniko Luis Intxauspe alkatea ez dago ados; bere ustez, beste alderdien ekar­penekin egindako prozesu baten bukaera izan da lortu­tako akordioa: «alderdi desber­dinen artean saiakerak egin izan dira, eta orain iritsi da Legea. [...] Egia da, orain akordioa bi alderdi nagusiek lortu dutela, eta horrek  bai ematen dio legitimazioa, eta aurrera begira ere segurtasuna ematen diola. Eta gainera, mar­txan jartzen direnean me­ka­nismo hauek, udalok parte hartuko dugu, eta  udaletan kolore politiko des­berdinetako alderdi gehiago daude». 
Jesus Mari Santos Asti­garragako alkateak, aldiz, ez du balorazio azkarrik egin nahi oraindik: «zaila da aurre­ikustea. Oraindik mar­txan jarri behar da eta udalen kudeaketan lan egiten dugu­nok sakonean ezagutu behar dugu zertan datzan Lege ho­nek. Oraingoz, esan dezakegu EAJk beste alderdiekin akor­dioetara iristeko asmoa berre­tsi dela, berriz ere». 

 

UDALEN 37 ESKUMENAK


1 Babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea, antolatzea eta kudeatzea.
2 Espazio publikoetan bizikidetza-harremanak antolatzea eta kudeatzea.
3 Titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilera antolatzea eta kudeatzea.
4 Udaltzaingoa, trafikoa, bide-segurtasuna eta ibilgailuen aparkalekuak antolatzea eta kudeatzea, eta herritarren segurtasunean laguntzea.
5 Espazio publikoetan eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduetan antolatutako ekintzetako segurtasuna antolatzea eta kudeatzea.
6 Konpainiako animalien eta arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloa antolatzea eta kudeatzea.
7 Etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa.
8 Ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta.
9 Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina.
10 Osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestea.
11 Erabiltzaile eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa antolatzea eta kudeatzea.
12 Hilerrien eta hileta-zerbitzuen antolamendua, plangintza eta kudeaketa, baita osasun arloko kontrola ere.
13 Gizarte-zerbitzuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea.
14 Diru-sarreren bermea eta gizarteratzea antolatzea, programatzea eta kudeatzea.
15 Zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea hiri-erabilerako uraren ziklo integralean. Honako hauek daude barne hartuta: uraren goi-hornidura; uraren behe-hornidura; saneamendua edo biztanleguneetako hondakun-uren eta euri-uren bilketa, eta hiriko hondakin-uren arazketa.
16 Argiteria publikoa, bide-garbiketa, biztanle-guneetako sarbideak, kale-zoradura eta parkeak eta lorategiak antolatzea eta kudeatzea, eta zerbitzu horiek ematea.
17 Udal-hondakinak edo hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea, eta hondakin gutxiago sortzeko plangintza, programazioa eta diziplina ezartzea.
18 Bidaiarien hiri barruko garraio publikoa -garraiobidea edozein dela- antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik.
19 Kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea.
20 Kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea.
21 Udal-ondare historikoa babestea eta kontserbatzea, eta babes-plan bereziak eta katalogoak egitea eta onartzea.
22 Tokiko turismoa sustatzea eta kudeatzea.
23 Irakaskuntzaren programazioa egiten eta derrigorrezko eskolatze-aldia betetzeko zaintzan parte hartzea, bai eta haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxe publikoen eraikinak kontserbatzea, mantentzea eta zaintzea ere. Era berean, hezkuntza-administrazioari laguntzea, ikastetxe publiko berria egiteko behar dituen orubeak aurkitzen.
24 Zerbitzu-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.
25 Tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo -politikak.
26 Euskeraren erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea.
27 Genero-berdintasunaren eta ekitatea sustatzearen arloko politikak antolatzea eta kudeatzea.
28 Udal-ondarea kudeatzea eta ondare horren erabilera, zertarakoa, kontserbazioa eta mantentze-lana arautzea, betiere foru-araudiarekin bat.
29 Hondartza, laku eta mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea, arlo horretan lurralde historikoek dituzten eskumenak eragotzi gabe. Hondartzetarako sarbideak antolatzea eta haien garbiketa-zerbitzua ematea.
30 Herritarren partaidetza, gardentasuna, gobernu ona bultzatzeko eta teknologia berriak eskueran izateko azpiegiturak antolatzea eta kudeatzea. Administrazio elektronikoa, prozesuen arrazionalizazioa eta sinplifikazioa. Batez ere, herritarrek informazioaren teknologiak eta komunikazioak modu efiziente eta jasangarrian erabili ditzaten bultzatuko dute, beraien udal-mugartean.
31 Udalerriarenak diren herri barruko bide publikoak eta baserri bideak antolatzea eta kudeatzea (kontserbatzea eta mantentzea barne).
32 Udalerriko bideetan, pertsona, ibilgailua eta ani­ma­­lien mugikortasuna eta irisgarritasuna nahiz pertsona eta salgaien garraioa antolatzea, kudeatzea, sustatzea eta diziplina-modua zehaztea.
33 Establezimendu publikoak eta jolas-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.
34 Barne-merkataritza antolatzea eta kudeatzea.
35 Immigrazio alorrean gizarteratze-politikak kudeatzea, atzerritartasunaren inguruko legeriarekin bat etorrita eta erakunde autonomikoekin lankidetzan.
36 Gazteria-politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.
37 Garapenerako lankidetza alorreko politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!