Atzo eman zien amaiera CD Hernanik, bere 75garren urteurreneko ospakizunei. Eta bukaera borobila eman zioten, gainera. Aurrena, dozenaka haur eta gaztetxo elkartu ziren Zubipen, futbol eskolako topaketa berezian.
Gero, bola txapelketa jokatu zuten Florida-Etxeberrin, eta ezin lehiatuagoa izan zen, gainera. 36 brilarekin berdinduta bukatu zuten zazpi lagunek, sailkapenaren gorenean. Azkenean, Idiazabalgo Andoni Berasategik eraman zuen trofeoa, eta Fernando Gallego izan zen hernaniar onena, bigarren; Miguel Burugain laugarren sailkatu zen, eta Leandro Miner zazpigarren.
Berria txapelketan, final laurdenetara
Eta esku pelotan borobildu zuten eguna, Berria Txapelketako kanporaketa irabazita, Markinaren kontra (2-1).
Ezin izan zuten garaipena lortu aurrenekoan, kadeteetan, Arizmendik eta Insaustik (11-22). Baina beste bietan, nagusi izan ziren hernaniarrak. 22-7 irabazi zuten Pagolak eta Alberdik, jubeniletan, eta emaitza berarekin lortu zuten garaipena Arrietak eta Aizpitartek ere, nagusietan.