Gaurtik ostiralera, Borroka Astea deitu du LAB sindikatuak, «langileok egunerokoan jasaten dugun prekarietate egoera salatzeko».
Elkarretaratzea egingo dute gaur, arratsaldeko 19:30etan Zinkoenean, eta baita Lasarte eta Usurbilen ere.
Mahai ingurua Biterin, ostegunean
Ostegunean, berriz, mahai ingurua antolatu dute Biterin, 19:00etan. Bertan hartuko dute parte LABek, Ernaik, Bilgune Feministak eta Sortuk.
Eta azkeneko bi ekintzak, ostiralarekin izango dira. Usurbilen, kotxe karabana egingo dute, Ingemar enpresaren aurrean hasita, 10:00etan. Eta Lasarten, manifestazioa egingo dute Okendo plazatik, arratsaldeko 19:00etan.
«Langileria osoa hartzen du prekarietatearen sareak»
LABek salatu du, «langileria osoa» hartzen duela bere baitan «prekarietatearen sareak. ETTak, behin behinekotasuna, lanaldi partzialak, EREak, soldata bajuak, langabezia egoerak... Hamaika dira Euskal Herri osoan, landa eremuan eta hirietan, errealitate hau ageriko egiten duten adibideak».
«Badira borrokarako espazioak. Borroka da egoera honi aurre egiteko modua», adierazi du LABek.
Eta gaineratu du: «botere ekonomikoak, patronalak eta eserleku erosoetan dauden hainbatek, egoera hau iraunaraztea besterik ez dute buruan, langileria prekarizatu eta sumiso baten gainean, haien poltsikoak gero eta gehiago betetzen jarraitzeko bidean».
«Honen aurrean, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu»
Horregatik, nabarmendu du badagoela zer egina: «honen aurrean, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Badira borrokarako espazioak. Borroka da aurre egiteko modua. Ekin diezaiogun ba lanari, eta esan diezaiogun aski egoera honi!».
Herritar guztiei luzatu diete deia, aste honetako ekintzetan parte hartzeko.