Orain Hernani udal taldeak jakinarazi du, maiatzaren 13an eskatu ziola Luis Intxauspe alkateari, sortzea Tratu txarrak edo indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntza juridiko eta psikologikorako zerbitzua. Izan ere, «Hernani Erabaki prozesuaren barruan aukeratu zuten herritarrek, 2014an», argitu du taldeak.
Eta azaldu du, jaso duten «erantzun bakarra», Berdintasun Sailak prentsan argitaratutakoa izan dela: «beraz, ulertu behar dugu, hori dela Gobernu Taldeak aukeratu duen bidea, gure eskaerari erantzuteko».
«Ez dute argitu, horretarako gorde zen diruaren zati haundi bat, Plax! zerbitzura bideratu dutela»
Berdintasun Sailaren erantzunetik, hainbat kontu nabarmendu ditu Orain Hernanik: «diote ez zela egin azkenean, Aldundiak zerbitzu hori haunditu, indartu eta hobetu zuelako. Eta hala da, baina uste dugu berehala jakinarazi behar zitzaiela herritarrei, zerbitzua sortzearen alde egin zutenek jakiteko», adierazi du.
«Gardentasuna eskatu behar diegu instituzioei», adierazi du Orain Hernanik.
Bestalde, zerbitzurako gorde zen partidaz (20.000 euro) ere hitz egin du taldeak: «Sailak dio, bideratu zela Protokolo bat sortzera, indarkeria matxistaren prebentzio eta arretarako. Baina 6.943,24 euro bakarrik erabili ziren horretarako. Ez dute argitu, gainontzeko ia diru guztia bideratu zutela Plax! programara, Alkatetzako dekretu bidez».
«EH Bilduk bere hauteskunde programan sartu zuen»
Azkenik, Orain Hernanik gogora ekarri nahi izan du, «EH Bilduk bere Udal Hauteskundeetako programan sartu zuela zerbitzu hori sortzea, jakinda Aldundiak dagoeneko sortuta eta hobetuta zeukala».
Taldeak adierazi du, ez duela sartu nahi «eztabaida mediatiko gehiagotan», eta babesten duela Plax! sexu aholkularitza zerbitzua, «baina gardentasuna eskatu behar diegu instituzioei».
«Horregatik, alkateari eskatzen diogu berriro, Hernani Erabaki prozesuan aukeratu zen zerbitzua sortzea, eta baita ere, aditzera ematea Plax! zerbitzuak bere sorreratik egindako esku-hartzeen estatistikak», azaldu du taldeak.