Sorpresaz betetako lasterketa berezia bihar, Astigarragan barrena

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 28a, 02:00

Iritsi da Eternal Running lasterketa, Astigarragara. Bihar goi­ze­ko 11:00etan hasiko da, eta izena eman duten parte hartzaileek 10 kilometrotako lasterketa egin beharko dute, sorpresaz betetzea. Izan ere, ibilbidearen nondik-norakoak isilpean gorde dituzte antola­tzaileek. Gainera, 80 oztopo, zein baino zein bereziagoak, gainditu beharko dituzte.
Lasterketak hiru ordu iraungo ditu, gehienez; 11:00etatik 14:00etara, eta tarte ho­rretan aldaketak izango dira trafikoan, udaltzaingoak jakinarazi duenez.

Trafikoan aldaketak, 10:30etatik 14:00etara
Udaltzaingoak jakinarazi du hainbat aldaketa egingo direla trafikoan, bihar, lasterketa dela eta. 
Batetik, Joankittene eta Arrobitxulo arteko bidea moztuko da lasterketa hasieran, 10:30etatik 11:10etara, eta Zu­bigain pasealekua ere itxiko da, 12:00ak arte; baita Oia­lu­me Bidea ere, Ergobiako errotondatik Eguskitza etxe pareraino. Bestetik, Arrobitxuloko bizilagunek Donostia ibilbidea erabili beharko dute sartu-irteerak egiteko, 12:00ak arte, eta 14:00ak arte, Ergobiako poligonoa. Aiotzategi, Ergobia eta Tranbia kaleko bizilagunek, berriz, Ergobiako errotonda erabili beharko dute sartu-irteeretarako, eta Kontxa Etxe­be­rria kalekoek, Astigarraga al­deko bidea. Bestalde, Tran­bia Bidea moztuko da erditik, korrikalariak helmugara iristen hasten direnean. 

Oilaskoa eta sagardoa
Eternal Running lasterketetan, normalean, paella jateko aukera izaten dute parte-har­tzaileek eta herritarrek, baina Astigarragan, bestelako aukera izango da.
Bihar eguerdiko 12:00etan hasi, eta 15:00ak bitartean, pintxo eta edari postuak jarriko dira Foru Plazan, baserriko oilasko eta sagardoarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!