Espero baino errazago egin zuen aurrera Hernanik, ostiralean, Herriarteko Txapelketan. Hiru partiduak irabazi zizkioten Adunari, eta orain, Lazkao izango dute kontrario, final laurdenetan.
Kadete mailakoa izan zen partidurik gogorrena, markagailuak erakusten duena baino gehiago (22-11). Garikoitz Arizmendik eta Oihan Zugastik partidu bikaina egin zuten, eta lortu zuten aurrelari adunarra, oso arriskutsua, jokoan gutxi sartzea, atzera jo eta jo.
Jubeniletan, berriz, erraz nagusitu ziren Xabat Pagola eta Ioritz Berasarte (22-7), Adunako aurrelariak gaixo jokatu zuela aprobetxatuz. Eta nagusietan, bere maila haundia erakutsi zuten Ioritz Arrietak eta Markel Lizeagak, kontrarioei aukerarik eman gabe (22-3).
Markinaren kontra, gaur
Gaur, berriz, Berria Txapelketarekin jarraituko dute pelotari hernaniarrek. Kiroldegiko frontoian jokatuko dute, goizeko 10:30etan, Markinaren kontra; iaz Hernani kanporatu zuen taldea, hain justu.
Final zortzirenetako kanporaketa da, eta ostiraleko gehienak ariko dira berriro, Hernaniren aldetik: Arizmendi eta Zugasti, Pagola eta Alberdi, eta Arrieta eta Aizpitarte.