Herri galdeketaren bidean jarri da Hernaniko Gure Esku Dago, eta azkeneko herri batzarrean, dagoeneko sortu zuten herri plataforma, hori aurrera eramateko: BagaGiltza. Izena eta logoa adostu, estatutuak onartu, eta karguak izendatu zituzten, batzarrean bertan.
Galdera taldea ere sortu zuten, eta horren ardura izango da, bilerak deitu eta bata eta bestearekin hitz egitea, eta galdera proposamenak egitea, ahalik eta kontsentsurik haundiena lortzeko. Bide batez, deia luzatu diete herritarrei, taldeko kide izateko.
Taldearen proposamenekin, gero plataformak erabakiko du, galdera zein izango den.
Galdeketa, 2017ko udaberrian
Datorren urteko udaberrian egingo dute galdeketa Hernanin, beste hainbat herritan bezala: Oiartzunen, Errenterian, Bizkaia eta Nafarroako herrietan... Horretarako, behar dute 16 urtetik gorako herritarren %10aren sinadura.
Aurreneko galdeketak ekainean egingo dira: Goierrin, Debagoienan, Azpeitian... Lehenengoak, datorren igandean.
Herri antzerkia, ostiralean
Bestalde, Gure Esku Dagok jakinarazi du, datorren ostiralean egingo dela herri antzerkia, bertan behera gelditu ondoren. Ave Maria parkean izango da, 21:45etan, eta ordubete iraungo du gehienez. Sarrerarik ez da beharko. Aurretik, gainera, Pintxo Txotx eskainiko dute.