Maiatza hasieratik ekintza mordoa ari da izaten herrian, CD Hernanik antolatua. Izan ere, 75garren urteurrena ari dira ospatzen aurten. Atzo esaterako, jokoz kanpo antzerkia ikusteko gogoz gerturatu ziren herritar ugari Biterira: Real Sociedad Fundazioa eta CD Hernanik antolatu zuten emanaldia.
Pelota: final zortzirenetako kanporaketa Hernanik
Hitzordu garrantzitsua dute Hernaniko pelotazaleek bihar. Berria txapelketako final zortzirenak izango dira jokoan, Hernani eta Markinaren artean. Markinak kanporatu zuen Hernani joan den urtean, eta errebantxarako gogoarekin dira hernaniarrak.
Kadetetan partidu berdindua espero da. Agirreamalloa da Bizkiako txapelduna; baina Hernaniko bikotea sendoa da, eta edozer gerta daiteke. Jubeniletan ere, partidu berdindua espero da. Ibarloza atzelariak Bizkaiako pelotari onenetakoa da, nahiz eta oraindik kadete adina izan. Hernanik Gaztelekuko Jon Alberdiren laguntza izango du maila honetan, eta Pagolarekin batera, Gipuzkoako bikote onenetakoa dira. Azkenik, seniorretan Hernaniko bikotea da faboritoa. Arrieta eta Azpitartek afizionatu mailan ez dute parekorik; baina Markina Zugadi eta Urizar ere, etorkizun haundiko bi pelotari dira.
Futbola eta bola, ere bai
Ospakizunak bihar izango du segida. Goizeko 09:00etan hasita, Futbol eskolako jardunaldi berezia, antolatu dute Zubipe zelaian. Pelota gogoko duenak ere, hitzordu garrantzitsua du 11:00etan pelotalekuan: Berria esku pelota txapelketako kanporaketa jokatuko dute Hernani eta Markinak. Eta bolariek ere, badute zita bihar. Etxeberriko bolatokian jokatuko da tiraldi berezia, 10:00-11:30etan. Izen ematea 12:00ak arte izango da, eta saribanaketa 13:30etan.