hernani Hitzetan ekimenaz disfrutatzeko aukera izango dute gaur ereñotzuarrek. Udalak eta AMHERek elkarlanean antolatutako ekimena da, eta nahia da, Hernanik bizi diren hizkuntzen eta pertsonen berri ematea. Aste osoan zehar ari dira ekitaldiak izaten han eta hemen, eta gaur ereñotzuarren txanda izango da. Antolatzaileen esanetan, helburua «jendearen arteko hartu-emanak eta elkarrekiko gerturatzea erraztea da. Eta baita ere, Hernanin bizi diren etorkinen integrazioan laguntzea». Auzo Udalean izango da, 11:30etatik aurrera.
Ahotsa, oinarri
Ahotsa da Hernani Hitzetan ekimenaren oinarrietako bat. Emanaldiak bilduko ditu ahozko narrazioa, poesia eta kantua. Era berean, kultur aniztasuna da beste oinarrietako bat: kultura desberdinetako pertsonek kontatuko dituzte istorioak: Argentina, Benin, Euskal Herria, Kamerun, Katalunia, Kolonbia eta Mexikoko kontakizunak eskainiko dituzte, besteak beste.