«Europaren konplizitatea salatu eta errefuxiatuei ongietorria eman behar zaiela aldarrikatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 28a, 02:00

Aniztasun Asteari bukaera emateko, azoka jarriko da gaur Joseba Barandiaran plazan, eta EH Bilduk azaldu du «parte-hartze aktiboa» izango duela bertan.
Hain zuzen, «errefuxiatuen egoera salatzeko egindako erakusketa» jarriko du.

Errefuxiatu eta migratzaileen testigantzak
Prentsa oharrean EH Bilduk azaldu du «astigartarron jatorri anitza publikoki aitortzeko» hasi zela Aniztasun Astea antolatzen, aurreko legealdian, eta «nahiz eta udal gobernuaren inplikazio maila eskasa izan, aurten ere eutsi» egin zaiola ekitaldiari.
Era berean, «EH Bildu urtero inplikatu» dela azpimarratu du, eta aurten, erakusketa jarriko du. «EH Bilduko kide desberdinek Europan zehar egin dituzten bidaietan, errefuxiatu eta migratzaileek bizi dituzten egoeren tesstigantzak jaso dira, eta horiekin guztiekin Mugak Ireki erakusketa osatu da. Hala nola, Ceuta eta Melillan, Calaisen, Lampedu­san, Lesbosen, Balkanetako herrialdeetan eta Turkian». Gainera, erakusketa interneten ere ikusi daitekeela azaldu du, ehbildu.eus webgunean.
«Zifrak beldurgarriak» direla ere azaleratu du EH Bilduk: «2016an, apirilaren 19ra bitarte, 1.262 pertsona hil edo de­sagertu dira itsaoan, eta 179.552 iritsi dira Europako mu­getara». Horregatik, era­kus­ketaren bitartez «Euro­pa­ren konplizitatea salatu eta errefuxiatuei ongietorria eman behar zaiela aldarrikatu» nahi izan du, eta «herritar guztiak animatu» ditu Aniztasun Egu­nean parte hartzera.

«Plenoan onartu genuen adierazpenak ez du inolako konpromisorik jasotzen»
Bestalde, lehengo larunbateko Plenoan «errefuxiatuen inguruko mozioa eztabaidatu» zutela azaldu du, eta «aho batez onartu» zutela, aurreko astean alderdi guztien artean adostutako adierazpena. Hala ere, EH Bilduk dio proposatutako «eskaera zehatz bat bertan behera» utzi behar izan zutela, «EAJk ez baitzuen udal jabegoko etxebizitza bat errefuxiatuentzat gordetzea babestu nahi».
Era berean, EH Bilduren ustez, «onartutako adierazpenak ez du inongo konpromisorik jasotzen. Gainontzeko erakundeei eskakizunak egiten zaizkie, baina Astigarragako Udalak hartu beharreko konpromisorik ez da zehazten». Horregatik, beste mozio bat aurkeztuko duela azaldu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!