Argazki erakusketa, pintxopotea eta tailerra izan dira aste honetan zehar, Aniztasun Astearen barruan, eta gaur bukatuko da festa honen hirugarren edizioa, azokarekin.
Goizeko 12:00etan hasi eta 14:00ak arte, hamaika herrialdetako jakiak probatzeko postuak jarriko dira Joseba Barandiaran plazan. Era berean, herrialde batzuetara laguntza bidaltzeko bilketa puntuak jarriko dira.
Hango eta hemengo zaporeak, eta laguntza postuak
Azokan, txoko guztietako jakiak probatu ahal izango dira: Euskal Herria, Colombia, Sahara, Honduras, Ecuador, Argentina, Brasil, Venezuela, Errumania...
Era berean, postu bereziak jarriko dira, herrialde batzuetara laguntza bidaltzeko; batetik, Zaporeak proiektuarena, errefuxiatu siriarrei laguntzeko, eta bestetik, Ecuadorreko lurrikararen ondorioei aurre egiteko, diru-bilketa postua.
Musika, herrian barrena
Kultura arteko trukaketarako, janaria bezain inportantea izaten da musika ere. Horrela, azokak iraun bitartean, trikitilariak ibiliko dira, eta bestalde, Burubeltz kalejira ibiliko da herrian barrena.