Telmo Semperena, tarteko helmugako irabazle

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 28a, 02:00

Lehengo asteburuan bezala, gaur eta bihar ere, makina bat probatan hartuko dute parte txirrindulari astigartarrek.
Gaurkoan, Pasai San Pedron egingo den BTT lasterketan hartuko dute parte alebin eta infantilek, karreterako bizikleten ordez, mendi bizikletak hartuta. Kadeteak, berriz, VI. Ataun Aia Sarian izango dira; 48,5 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute, eta Aiako Ermitarako aldapa igo.
Bestalde, junior eta kadete mailetako txirrindulariek Gi­puz­koako Ordulariaren Kon­trako Taldekako Txapelketa izango dute jokoan, Zumaian, bihar goizean.

Tarteko helmugan eta esprint berezian garaile, Semperena
Indarrik ez dute faltako, seguru, astigartarrek, asteburu honetan ere, nahiz eta aurrekoan, lana franko egin zuten.
Telmo Semperena kadeteak, hain zuzen, Urretxun jokatutako XXXIII Mendijurra Me­morialean hartu zuen parte: tarteko helmugako saria irabazi zuen bertan, esprint berezietan bigarrena irabazita hiru puntu lortu, eta helmugan 19garren sartzeagatik.

Urko Semperenak 12garren egin zuen, eta Jaime Romerok 11garren.

Urko Semperena eta Jaime Romero ere, borrokan

Beste bi proba ere izan ziren lehengo asteburuan. Junior mailakoak Mutrikuko XXXIV Atxukale Sarian izan ziren, eta bertan aritu zen borrokan, Urko Semperena. Ez zuen alde egindako taldean sartzea lortu, baina pelotoi buru izan zen, eta posizio erosoa mantendu zuen. Semperenaren kideek, Xabier Mikel Azparren eta Iñigo Etxarrik eutsi egin zioten alde egindako aurreneko taldeari, eta Jokin Sarasola bigarrenean geratu zen. Azkenean, 12garren postua lortu zuen Semperenak, bi igoera eder eginda, eta ahaleginak eragindako nekearen erruz atzean hainbat txirrindulari utzita, esprint bizi eta eder batekin.
Alebin eta infantil mailako txirrindulariek, berriz, Aizar­na­zabalen egin zuten proba. Jaime Romerok hartu zuen parte bertan. Zirkuito estua, teknikoa eta zaila izan zen, eta pelotoiaren atzealdean atera behar izan zuen; horrela, 11garren egin zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!