-Ainhoa Jauregi-
Hernaniarrei dien begiruneagatik, batikbat, urte askotan zehar bere buruari gauza bat leporatu dio: euskara ikasi ez izana. Pare bat saiakera egin omen zituen bere garaian, baino oso zaila egin zitzaionez, amore eman zuen.
Nolatan bukatu du Boliviar pediatra batek Hernanin?
Nire aitaren lana zela eta, txikitatik mugitu izan gara lekuz. Bolivian jaio nintzen baina gutxira, ama, aita, anaiak eta nik Venezuelara joan behar izan genuen, eta handik Kolonbiara. Nik 7 urte nituela, Frantziara joan ginen eta Parisen urte pila bat eman genituen. Ondoren, Salamancara joan nintzen pediatria ikasi eta Boliviara itzultzeko asmoarekin. Baina, bertan, egun nire emaztea den hernaniarra ezagutu nuen. Hor duzu erantzuna.
Zergatik aukeratu zenuen pediatria?
Nire familian bi osaba mediku zeuden. Bata urologoa zen eta bestea pediatra. Niri pediatriak liluratu ninduen, hasieratik. Asko gustatzen zitzaidan eta karrerako 5garren urtean (6 ziren guztira), katedra ikasle moduan onartu ninduten; beraz, klaseak ez nituenean, Salamancako Unibertsitateko Ospitale Klinikoan pasatzen nituen ordu gehienak.
Karreraz gain, MIRa ere atera nuen eta orduan zegoen txandakako-barnetegi batean ere izan nintzen. Bertan, lau hilabetetik behin, espezialitatez aldatzen genuen: pediatria, ginekologia, kirurgia eta barne-medikuntza landu genituen. Hau, Sevillan egin nuen. Beraz, nire emaztea psikologiako azkeneko urtea Salamancan egiten ari zen bitartean, ni Sevillara joan nintzen barnetegi berezi hau egitera.
Zer da pediatriatik gehien gustatzen zaizuna?
Haurrak, noski, eta familiekin dudan tratua ere bai. Oraintxe bertan, Gipuzkoa osoan, ez dut uste horrenbeste urtetan leku berean lanean aritu den pediatrarik egongo denik; eta horrek, jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu. Aspaldiko eta egungo istorioak entzun, bizimodu desberdinak ezagutu, bertako ohiturak ikasi... eta pediatriaren bilakaera lehenengo eskutik ezagutzeko aukera ere bai. Ni Hernanira iritsi nintzenean, lana egiteko modua tamalgarria zen eta soldata ere oso apala. Sevillan mediku residente bezala, hemen pediatra moduan baino gehiago irabazten nuen. Horregatik, hasieran, kontsulta pribatua ireki behar izan nuen herrian.
Gaur egun, kontsulta pribaturik ba al duzu?
Ez, ez. Aspaldi utzi nituen kontsulta pribatuak. Hernanin, urte eta erdi eduki nuen irekita eta ondoren, Quironera eraman nuen. Han, urte batzuk eman nituen lanean, Hernaniko anbulatorioaz gain, noski, baina oso estresatuta bizi nintzen. Bi urteetan hiru kotxe-istripu izan nituen, leku batetik bestera korrika ibiltzeagatik. Orduan, konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Ordutik, nahiz eta tentaldiren bat izan dudan, ez dut kontsulta pribatu gehiagorik izan.
Egunero duzu kontsulta Hernaniko anbulatorioan?
Bai, astelehenetik ostiralera 08,00etatik 15,00etara. Hala ere, ni 07,30etan iristen naiz eta kontsultak hasi aurretik, eguneko pazienteen historialak ikustea gustatzen zait. Bai haur eta baita guraso edo aiton-amonen izenak ikasten saiatzen naiz... Eta, hau ez dut gauzak pertsonalizatzeko marketinagatik egiten, pazienteak gustura sentitzeko ezinbestekoa dela iruditzen zaidalako. Gertutasun horrek ume bati seguru sentitzen laguntzen dio.
Aita zara?
Bai. 31 urteko alaba jator bat daukat.
Horrek zure lana egiteko moduan eraginik izan al du?
Bai, seguruenik bai. Haurrekiko tratuan baino gurasoei ondo ulertzeko lagundu dit, arduratuta dauden une horietan bere larruan jartzeko, alegia. Aita edo ama izan ez diren lankide batzuk ditut eta nahiz eta pediatra paregabeak diren, kasu batzuetan ez dituzte gurasoen kezkak ondo ulertzen, edo gehiegizkoak iruditzen zaizkie. Badaude sentimendu batzuk aita edo ama izatearekin lotuta daudenak, beste modu batean ulertu ezin direnak.
Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet, urte guzti hauetan zehar, nire lanbidea oso modu erosoan egiten utzi didatelako. Lankide bikainak izan ditut, primeran onartu naute beti eta belaunaldi desberdinetako jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut. Hori oso aberasgarria izan da
niretzat
Eta, alderantziz. Zu pediatra izateak eraginik izan al du zure alaba zaindu eta hezteko garaian?
Ba, ez dut uste, egia esan. Edozein aita bezala, berria izan naiz honetan. Aurretik ume askorekin egon arren, haur pila sendatu eta gurasoei aholku ugari eman arren, aita izan nintzenean izututa eta urduri sentitu nintzen. Gainera, ama psikoterapeuta eta aita pediatra, ene... zer aterako da hemendik? galdetzen nion neure buruari... ja, ja, ja... Ba, oso neska jatorra, osasuntsua, arduratsua... benetan pozik nago berarekin.
Pediatria jarduteko modua asko aldatu al da? Bilakaerarik izan du? Zer aldaketa nabarmenduko zenituzke?
Pediatria jarduteko modua ikaragarri aldatu da Hernanin. Iritsi nintzenean anbulatorio zaharrean ginen: leku ospela, hezea, sarbide deserosoarekin, ez zegoen hitzordu-sistemarik... Gainera, egunean 5 edo 6 etxez-etxeko bisita egin behar izaten genituen.
Orain, aldiz, primeran gaude anbulatorio berrian. Berogailuak ditugu, kontsulta garbi-garbia mantentzen da, hitzorduen bitartez egiten dugu lana, materiala txukun eta eskuragarri dugu... eta nahiz eta etxez-etxeko bisitak ez diren egiten, larrialdietako zerbitzua oso ona da.
Segurtasun aldetik eta lankideei dagokienez ere primeran gaudela iruditzen zait.
Krisiarekin, zure lanaren inguruan, ez al duzu atzerapausorik nabaritu?
Nere lanpostuari dagokionez, nik ez dut atzerapausorik nabaritu. Eta Hernaniko anbulatorioko zerbitzuaren kalitatean ere eraginik izan ez duela esango nuke, nahiz eta lankide batzuk lan gehiago izan duten eta presio gehiago nabaritu duten.
Nire kontsultan, krisiak ekarri dituen arazo sozial eta familiarrak dira nabarmenagoak. Lan faltak, diru estutasunak... familietan eragin haundia izan du. Eta hori, era berean, umeen izaeretan, portaeretan etab. antzeman daiteke. Ikastolan kontzentrazio eta motibazio falta handia dago eta horrek, eskola porrota ekarri dezake. Baino, oraindik denbora daukagu zuzentzeko. Egia da, egoera ez dela batere erraza.
Nola ikusten duzu pediatria, epe laburrean?
Ba, oso arazo larri baten aurrean gaudela iruditzen zait. Pediatra asko jubilatzen ari dira eta ez daude plazak betetzeko adina espezializatu. Arazoa Estatu mailan gehiago den arren, hemen ere badago. Eta pediatrian gertatzen ari dena, beste espezialitate batzuetan ere gertatzen ari da.
Bestalde, etortzen ari diren pediatra berriak oso prestatuta daude. Ezagutza ikaragarria dute eta ez medikuntzan eta pediatrian bakarrik, informatikan, hizkuntzetan... Nik berriro burutuko nituzke ikasketak, beraiek dakiten guztia jakiteko.
Zure lanbidean, zerbait aldatu edo hobetuko zenuke?
Aldatu baino gehiago, orain arte lortutako guztia mantentzea gustatuko litzaidake. Pediatria unibertsala, hitzorduen-sistema, lana ongi egiteko behar den materiala beti eskuragarri izatea, mediku desberdinen kalitate onarekin jarraitzea…
Kontsultak amaitzen dituzunean, gaixoak zure burutik aldentzeko gai zara? Lanetik deskonektatzeko ahalmena duzu?
Bai, batzuetan guraso eta haurrekin amets egiten dut baino orokorrean, bai. Deskonektatzeko gai naiz. Bestela hor dago nire emaztea, kasu batean gehiegi luzatzen banaiz mozteko. Eta, eskerrak, ze bera psikoterapeuta izanik eta ni pediatra, etxera iritsi eta gure gaixoetaz hitz egiten jardungo bagenu… ba ez litzateke inorentzako ona izango. Horretarako ditugu zaletasunak, musika, lagunak, familia…
«Pediatra asko jubilatzen ari dira eta ez daude plazak betetzeko adina espezializatu»
Gurasoen ikuspuntutik, asko aldatu al da umeak zaintzeko modua?
Bai, noski. Egun, familiak askoz ere murriztuagoak dira eta horrek, haurrak beste modu batera zaintzeko aukera ematen digu. Denbora gehiago dugu umeekin egoteko, elikadura, ikasketak, etab, gehiago zaintzen ditugu… Nahiz eta lan motak eta diru iturriek ere eragina duten. Lehen, aldiz, seme alaba ugari izaten ziren eta beraz ezin zenien guztiei jaramon berdina egin. Gainera, askotan, seme-alaba handienek anai-arreba txikiak zaintzen zituzten. Familiak ahal zuten moduan ateratzen ziren aurrera. Gaur egun ere, informazio gehiago dugu eskuragarri. Nik kontsultan beti gomendatzen ditudan webguneak hauexek dira:
•http://www.aepap.org/familia/preguntas.htm
•http://www.famiped.es
•http://www.enfamilia.aeped.es •http://www.kidshealth.org/parent/enespanol
Zer eragina dute loak, elikatzeko moduak, ordutegiek... haur baten garapenean?
Denak laguntzen du ume bat osasuntsu eta zoriontsu garatzeko. Loaren kasuan, adibidez, garrantzitsuagoa da kalitatea, ordu kopurua baino. Haur bakoitzak bere beharrak baititu.
Bestalde, ordutegiak errespetatzea oso garrantzitsua da. Gauza bakoitzak bere unea izan behar du. Haurra jolasten ari denean jolasten ari da, bazkaltzen ari denean bazkaltzen, lagunekin edo gurasoekin egoteko denbora ere ezinbestekoa da eta ohera joateko garaian, erritual edo ohitura batzuk edukitzea ere ez dago batere gaizki. Horrela, umea lasaitzen joaten da, lo egiteko unerako prestatzen.
Ez da batere komenigarria telebista itzali eta haurra berehala ohera sartzea, oso estimulatuta baitago. Eta mugikorrekin berdin. Egungo gazteek mugikorrekin ohera joateko ohitura hartu dute eta horrek loaren kalitatean oso eragin txarra du.
Litxarreriei dagokionez, zer iritzi duzu? Asko ematen zaie? Gurasoek nola kontrolatu dezakete ingurua?
Gai honekin ez naiz batere zorrotza. Edonork izan dezake gozoki bat jateko gogoa eta ez da ezer gertatzen. Beti ere neurrian, noski. Badaude egunero litxarreriaren bat jaten duten haurrak edota 12-13 urteko gaztetxo asko, aste buruetan, izugarrizko litxarreria poltsak jaten dituztenak. Ba, hori, jakina den bezala, osasunerako ez da batere ona.
Orokorrean, umeak 2 urte eta erdi betetzen dituen arte, gurasook asko zaintzen dugu bere jatekoa. Baino, adin horretatik au-rrera, gozokiak etab ematen hasten gara. Batikbat, beti dagoelako familiako kideren bat haurrarekin ondo moldatzeko litxarreriak erosten dizkiona edo aste osoan ikusi ez duenaren aitzakiarekin ere ekartzen dizkiona…
Familiarekin tratu batera iristea komeni da eta muxu batek, besarkada batek edo berarekin jolasteak, umearengana berdin hurbilduko duela ulertaraztea ezinbestekoa da.
Zenbat urterekin da egokia ume bat kirola egiten hastea?
Bai umeek eta baita helduek ere egunero mugitu beharko genuke, sedentarismoa ez baita batere ona. Baino, kirol batean hasteko adin egokirik ez dago. Umeak gogoa duenean edo motibatua ikusten dugunean izango da garai ona. Ez dugu inoiz gure seme edo alaba kirol bat egitera behartu behar, kontrako jarrera izan dezakeelako.
«Nire kontsultan, krisiak ekarri dituen arazo sozial eta familiarrak dira nabarmenak: lan faltak, diru estutasunak… eragin haundia du familietan»
Haur bat osasuntsu eta zoriontsu hazteko, zer jarraibide izan behar ditugu kontutan?
OMEk (Osasunerako Mundu Erakundea) emandako definizioari jarraituz, osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren arteko oreka da, eta ez bakarrik gaixotasun eza. Beraz, hiru ikuspegi horiek bateratzea lortzen badugu, haurra osasuntsu eta zoriontsu haziko da.
Eta azkenik, txertoengatik galdetu behar dizut. Eztabaida handia sortzen duen gaia baita.
Bai, gai honek, tamalez, eztabaida handia sortzen du. Oraintxe bertan, AEBn drama haundia dago honen inguruan. Txertoaren aurkako korronteek indar haundia dute, hemen baino askoz ere garrantzitsuagoak dira eta jende askok txertoak jartzeari utzi dio.
Kalifornian, adibidez, elgorriaren (sarampión) aurkako txertoa lege-dekretuz derrigortzekotan dabiltza. Txerto hau jarri ez duten familien artean gaixotasunaren agerraldia oso haundia izan baita eta hori, onartezina dela iruditzen zait.
Bai, baino, zer gertatzen da txertoen efektu sekundarioekin?
Jende askok hitz egiten du txertoen efektu sekundarioetaz, gaiaz ezer jakin gabe. Hernaniko anbulatorioan 33 urte daramazkit lanean eta ez dut txertatutako inor efektu sekundario gogor, zorrotz edo garrantzitsu batekin izan. Sukarra, minak, pare bat egun gorputz txarrarekin… bai. Baino, horraino.
Geroz eta txerto mota gehiago daudela iruditzen zait.
Ez al da horrela?
Noski. Baina, nire herrialdean zica, ebola, sukar horia… bezalako gaixotasunak daude. Horien aurkako txertoak lortuz gero, nola esango diet ba nik ez jartzeko? Nik Sevillan residente moduan lan egiten nuenean, ume pila bat hiltzen zen meningitisarekin eta txertoari esker, pixkanaka-pixkanaka, kasuak gutxitzen joan ziren, ia desagertu arte. Eta orain, badago jendea txerto hori jarri naiz ez duena. Nola egongo naiz ba ni ados jarrera horrekin?
Baino, zu gaixotasun latzetaz ari zara. Zer gertatzen da, adibidez, gripearen edota barizelaren aurkako txertoekin? Ez al dira gehiegizko neurriak?
Aipatzen dizkidazun bi txerto horiek oso eraginkorrak dira. Normalean bi dosi behar izaten dira eta ez dituzte arazoak ematen. Gehiago da irabazten dena, galtzen dena baino, eta asko borrokatu dugu gizarte-segurantzak txerto hauek eskaintzeko. Niri gehiago kezkatzen nau tosferinaren aurkako txertoaren faltak, adibidez. Hori bai dela arazo bat. Txerto hau bukatu egin da, mundu mailan eskaera haundia zegoelako, eta denbora batez ez dugu izango. Tosferinaren txertoa sortu egin behar da eta horrek, denbora luzea behar du.
Maiz, txertoen efektu sekundarioen beldur gara. Agian, informazio falta dugu.
Ez dago zentzuzko arrazoirik txertoen aurka egiteko. Begira, liburu bat gomendatuko dizuet, txertoenganako beldurrak eta zalantzak argitzeko asmotan: “En defensa de las vacunas”, Carlos González. Honek, amagandiko edoskitzearen aldeko liburuarekin lagun pila egin zituen baino gero, txertoen aldekoa atera zuenean, horietako asko etsai bihurtu ziren. Ez zuten ulertzen, amagandiko edoskitzearen alde dagoen pertsona batek, nola defendatu zezakeen txertoaren erabilera… Baino, gauza batek ez du zer ikusirik bestearekin.