Nolakoa da ibilbidea?
Egingo dugun ibilbidea zirkularra da; oso polita. Nocito herritik hasten da eta Pillera izeneko aranetik gora egiten du, Petreñales izeneko lepora iritsi arte; hortik gailurrera igoko gara. Jaitsiera berriz, Fenales izeneko aterpetik pasatzen den bidetik egingo dugu, igo garen kontrako aldetik.
Larunbata aprobetxatzeko, Santa Orosia baselizen ibilbidea ere egingo dugu. Sabiñanigotik gertu dagoen Yebra de Basa herrian dago ibilbide hori. Joan etorria guztira, lasai hartuz, lau ordu ingurukoa da eta desnibela 700 metro ingurukoa. Bide guztia oso ondo adierazia dago ma-rka zuri eta horiekin. Horrez gain, bidean inguruko flora, fauna eta historia azaltzen dituzten panelak jarrita daude. Ibilbidean bederatzi baseliza daude, horietatik lau harkaitzean txertatuta daude konglomeratuan higadurak eginiko zuloak aprobetxatuz. Ikusgarrienak hormaren bi altuera desberdinean eraikiak daude, ur-jauzi haundi baten alboan.
Santa Orosia gogoan, baselizekin
Baselizak Santa Orosiak jaso zuen martirioa gogoratzeko eraiki ziren XVII mendean. Orosia Aragoiko Fortun Garces erregearekin ezkontzera etorritako printzesa omen zen. Bidean Muza emirraren sarrazenoek baitu zuten. Muzaren semearekin ezkontzeari uko egiteagatik, Orosia gaztea torturatu eta hil egin zuten burua moztuz. Bi mende geroago, artzain batek gaztearen gorpua aurkitu zuen eta harrezkeroztik ingurukoek beneratu egiten zuten. Gaur egun burua Yebra de Basa herriko elizan dago eta gorpua Jaca herriko katedralean.
Ibilbidea Angusto izeneko baselizan hasten da. Ezkerrera egin eta berehala Escaroniellas eta Las Arrodillas baseliza txikietatik pasatzen da. Bigarren honek bi zulo berezi dituen harri haundi bat du. Kondairak dioenez, harri horretan belaunikatu zen Osoria gaztea eta zulo horietan jarri omen zuen burua moztu ziotenean. Bideak gora egiten du. Aldapa ez da gogorra, baina etengabe gora eginez, basoan barrena dijoa. Horrelako batean, basoko ar-gigune batetik, Chorro izeneko ur-jauzia eta kolore laranja berezia duen harkaitz horma haundi bat ikusten dira. Bertan, ur-jauziaren eskuinean, Cuevas de Santa Orosia izenarekin ezagutzen diren baseliza multzoa dago. Goiko partean La Cueva izenekoa dago, guztietatik handiena, eta bere azpian San Cornelio izenekoa. Hormaren goiko zuloan aurkitu omen zituen artzainak santaren gorpuzkiak. Bide eroso batetik bi baselizak bisitatzeko aukera dago. Goikoaren atarian kanpaiak daude eta igotzen diren askok jo egiten dituzte.
Bideak ur-jauziaren azpitik jarraitzen du. Hurrengo bi baselizak San Blas eta Santa Barbara dira, hauek ere XVII mendekoak. Harrian txertatuta daude, eta harkaitza sabai modura dute. Bideari jarraitu eta harkaitz horma gainditutakoan, azken aurreko baseliza dago amildegitik gertu: O Zoque izenekoa.
Beste hamabost minututan Santa Orosiako santutegira iristen da. Puntu honetan ibilbidearen erdian izango gara; bertan, erromeria egiten da urtero. Leku lasaia da eta iturria du. Itzulia Yebra de Basa eta Santa Orosiako santutegia elkartzen dituen pistatik egingo dugu.
Ibilbidea Nocito herritik aterata
Nocito herritik, hego aldera, 2 kilometro inguru egin behar dira pista batetik, Mesón de Nocitora iritsi arte (898 m). Berez ibilbidea hemendik hasten da, baina pista autobusentzat egokia ez denez, guri zati hau oinez egitea tokatuko zaigu.Ibilbidearen lehenengo zatia laua da. Zati honetan bideak Pillera erreka zazpi aldiz zeharkatzen du. Euri asko egin badu eta erreka urez jantzia badator, hankak bustitzeko aukera haundia dago. Oinetako onak eramatea komeni da.
Pillerako aranak eki aldera jotzen duenean, hego aldera desbideratu behar da. Bidegurutzea ongi adierazia dago. Bidea basoan sartzen da eta gora egiten du gogoz, zig-zag ugari eginez. Lepo antzeko bat zeharkatu ondoren, bideak gora eta behera egiten du Pedreñales lepora iritsi arte. Lepotik Pirinio aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Bideari jarraituz Raso de los Hongos izeneko argigunera hurbilduko gara. Bertan hamaiketakoa egiteko asmoa dago. Ura nahi izatekotan, zertxobait lehenago Chinebro izeneko iturria dago.
Indarrak berritu ondoren, azken igoerari ekingo diogu. Este del Raso izeneko lepotxora hurbildu eta diagonal haundi bat eginez, gailurrera igoko gara. Azken zatia hartxingadi batetik igo behar da. Zertxobait nekeza egiten da, baina lasai hartuz berehala igarotzen dira azken metro hauek. Gailurretik Pirinio aldera, ipar aldera, eta Huescako lautada aldera, hego aldera, dauden bistak zoragarriak dira.
Jaitsierari ekingo diogu. Horretarako gailur-lerroari jarraituz eki aldera jaisten hasi behar da. Ondoren bi mugarri haundiz markatutako bidegurutzean ipar aldera egin behar da. Pinu eta izei asko dituen baso batean sartuko gara, eta bideak pista batera eramango gaitu. Zertxobait aurrerago Fenales (1.396 m ) izeneko aterpea dago. Ondo zainduta dago eta iturria du. Zertxobait goraka egiten duen pistari jarraitu eta bihurgune pare bat eman ondoren, gure ezkerrean aurkituko dugun bidezidorrari jarraitu behar zaio. Bideak, baso barrutik behera eginez, La Paul izeneko iturri eta zelaietara hurbilduko gaitu. Ibilbidea bukatzeko, Nocito herrira doan bidea jarraitu behar dugu. Bidegurutze guztiak ondo adierazita daude, eta herrira hurbildu ahala, aldapa arintzen dijoa; azken metroak ia lauak izan dira.
Datu interesgarriak:
- Non kokatzen da: Huescan.
- Luzera: 21 km.
- Denbora: 7-8 ordu.
- Desnibel metatua: 1.300m gorantz eta beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Hori bai, desnibel haundia. Egoera fisiko onean egon behar da
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik ekainaren 4-5ean egingo du irteera hau.