igandean hasi zen Ni, Urumea dokumentalaren emanaldi sorta; atzo Goizuetan proiektatu ostean, gaur Aranon izanen da ikusteko aukera. Izan ere, maiatzean eta ekainean, Urumeak bustitzen dituen udalerrietan jarriko dute ibaiaren dokumental etnografiko hau; Cristina Enea Fundazioak egin zuen, Labrit Multimedia ekoiztetxearekin batera. Gaurko emanaldia arratsaldeko 18:00etan izanen da, Ganbaran.
Dokumentalean, ibaiaren bidean zehar jasotako testigantzak eta bizipenak biltzen dira. Ibaiari protagonismoa ematea da helburua, ez bakarrik natura eta hirigintzaren ikuspuntutik, baita ere gizakion harremanen ikuspegia azalduz: arrantzaleak, basozainak, kirolariak eta ibai bazterreko hainbat lekukoren istorio, kondaira eta anekdotak biltzen dira. Bakoitzak Urumea bizitzeko duen ikuspuntua azaltzen du. Ibaiaren fauna eta flora ere pertsonai bihurtzen dira dokumental honetan: argazki estetika eta bioaniztasuna ere uztartzen ditu dokumentalak.