Kultur ekitaldiz betetako urtea izaten ari da aurtengoa. Donostia 2016 ekimenaren bueltan, EMUSIK jaialdia izan berri da Urumean eta datozen ekitaldietarako hitzorduak ere, zehaztu dituzte. Kukai dantza taldeak esaterako, Topaguneak ikuskizuna eskainiko du Chillida-Lekun, ekainaren 18an. Egun batzuk beranduago, Hitzargiak proiektuaren topaketa izango da Oronan, ekainaren 23 eta 24an.
Chillida-Lekura egokitutako ikuskizuna, Kukairen eskutik
Aurretik eskaini gabeko ikuskizuna emango du Kukai dantza taldeak ekainaren 18an, Chillida-Lekun. Izan ere, Oskara ikuskizuna egokitu du, paisai berrira: Chillida-Lekuk dituen obra eta zelaietara.
Oskara emanaldia urte hasieran estreinatu zuen Kukai dantza taldeak, eta Topaguneak emanaldia, Chillida-Lekun eskainiko dutena, haren jarraipena izatea nahi dute. Bost dantzari ariko dira: Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Martxel Rodriguez eta Urko Mitxelena. Eta gonbidatu berezi bat ere izango dute: Erramun Martikorena ariko da kantuan. Hernaniko musikariek ere izango dute lekua emanaldian: Joxan Goikoetxea soinujolea eta Txalaparta Eskola bertan izango dira. Kolaborazio bereziak izango direla ere, aurreratu dute.
Topaguneak ikuskizuna Zabalaga baserri kanpoaldean hasiko da, eta zazpi geldialdi izango ditu museoko eskulturetatik barrena. Aurkezpenean azaldu zuten moduan, dantzak eta arteak bat egingo dute emanaldian; dantzariek eskulturetatik barrena dantzatuko dute, eta publikoak beraiekin egingo du buelta. 75 minutu inguruko emanaldia izango da, eta 1.000 lagunentzat izango da lekua.
‘Hitzargiak’, Europako hizkuntza gutxituen inguruan
Hitzargiak topaketa antolatu dute Hernanin, ekainaren 23 eta 24an, Europan dauden eremu txikiko hizkuntzen inguruan. Hizkuntza hauek 300 inguru dira Europan, eta Hitzargiak topaketarekin aztertu nahi da, Europan hizkuntza gutxituak biziberritzeko eragile eta erakundeek eman dituzten pausuak. Behin aztertuta, helburua izango da eredugarriak izan daitezkeenak aukeratzea, eta ezagutaraztea.
Topaketa Orona fundazioak duen eraikinean izango da eta parte hartu nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik. Informazio gehiagorako: www.hitzargiak.eu.