Gaur jokatuko du bueltakoa Hernanik, 20:00etan kiroldegiko frontoian Adunaren kontra, Herriartekoaren final zortzirenetan. Joanekoan, 2-1 nagusitu zen Hernani, eta 6 tantoren aldea dauka.
Gaurkoan, bi aldaketa egingo ditu Josu Oiaga entrenatzaileak, Ioritz Arrieta eta Markel Lizeaga ariko baitira seniorretan. Beste lau protagonistak, berdinak: Garikoitz Arizmendi eta Oihan Zugasti kadeteetan, eta Xabat Pagola eta Ioritz Berasarte jubeniletan. Oso berdinduta dago kanporaketa: «horregatik, pelotazale hernaniar guztiak behar zaituztegu frontoian», eskatu dute.
Ojuel eta Aizpitarte, elitekoan
Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte, bere aldetik, Eliteko Euskal Herrikoa jokatzeko aukeratu dituzte, urteko onenek jokatzen dutena. Gaur daukate final laurdena Zumarragan, 19:00etan, Azpiri eta Agirreren kontra.
Aizpitartek, gainera, Probintziartekoa irabazi zuen asteburuan, Igor Azpiri berarekin. 22-10 nagusitu ziren Ortuellan, Urretabizkaia eta Telletxearen kontra. Hasiera gogorra izan zuen finalak, tanto luzeekin, eta 7-5 aurreratu ziren Azpiri eta Aizpitarte. Hortik aurrera, momentu txar bat izan zuten aurkariek, eta ez zuten barkatu: 20-6 jarri ziren, eta nahiz eta Urretabizkaiak eta Telletxeak hobetu zuten, txapela janztea lortu zuen hernaniarrak. Bere bigarren txapela du denboraldi honetan; Hernaniko pelotarien 10garrena, guztira.