Igerileku estaliak itxita dauden bitartean, «erabiltzaileei zerbitzua bermatzeko», negoziazioak egin ditu Hernaniko Udalak, inguruko herriekin, eta asteazkenean eman zituen aditzera emaitzak, Kirol Batzordean: obrek iraun bitartean, Astigarragako kiroldegian eta Donostiako Paco Yoldin eta Etxadin izango dute aukera bazkideek, igerilekura joateko.
San Joanetan itxiko dira igerilekuak, urteroko garbiketa egiteko, baina gero, kiroldegia hobetzeko lanak hasiko dituzte, eta ez dituzte igerilekuak irekiko, bukatu arte.
Astigarragan, ekainaren 11tik
Horregatik, ekainaren 11tik aurrera, Astigarragako kiroldegiko igerilekua erabili ahal izango dute bazkideek, bi herrietako Udalek kirol arloan daukaten akordioari esker. Irailetik aurrera, berriz, Donostiako bi kiroldegitara joateko aukera izango dute: Paco Yoldi eta Etxadi. Hiruretara, Hernaniko kiroldegiko txartelarekin sartu ahal izango dute.
Udalak egin dituen negoziazioetan, «lehentasuna izan da, batetik, igerilekuak erabiltzen dituzten kirol taldeen jarduera bermatzea; eta bestetik, igerilekuen beste erabiltzaileen jarduera ahalik eta modurik onenean bermatzea. Horregatik jo genuen Donostiako Udalera, instalazio eskaintza zabalagoa duelako, Hernanitik gertu dagoelako eta garraio publikoan erraz iritsi daitekeelako», azaldu dute. Bi Udalek, ekainaren 2an sinatuko dute akordioa.
Hernaniko kiroldegiko txartelarekin sartu ahal izango dute bazkideek, Astigarraga eta Donostiako kiroldegietara.
Udalak eskuorria bidaliko die kiroldegiko bazkide guztiei, eta bertan emango die informazioa obrei buruz, dauzkaten alternatiba horiei buruz, eta Astigarraga eta Donostiako instalazioen ordutegiei eta bertara iristeko autobusei buruz.
Gimnasioa zabalik, abuztuan
Bestalde, Udalak aurreratu du, gimnasioa zabalik egongo dela abuztuan ere (07:30-14:00 eta 16:30-20:30), «gimnasioko erabiltzaileen foroan egindako eskaera nagusiari erantzunez».