Atzo Leokako labaderoan eskaini bazuten arratsaldeko saioa, Biterin emango dute gaur, hainbat herrialdetako ipuin, poema eta kantuen errezitaldia. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da, baina bertan egon nahi duenak, aurrez eskatu behar du gonbidapena, Biterin bertan. Informazio gehiago, Udal Liburutegian edo Amher elkartean.
Hamaika lagunek hartuko dute parte, Biteriko saio horretan: Agnès Agboton eta Martha Escudero kontalariak; Bouchra El Bahgdadi kontalaria eta Egoitz Arbiol eta Ibai Lizarra txalapartariak; Munkhchuluun Mukhraa eta Tamir Purevsuren musikariak; Zara eta Firuza Zaynieva kontalari eta dantzariak; eta Izaro Auzmendi eta Manex Lizarra aurkezleak.
‘Ilargia hitzetan’, gaztetxean
Bigarren zita, atzo bezala, gaztetxean izango da, 22:30etan hasita. Mikrofono irekiko saioa egingo dute gaur ere, Ilargia hitzetan gaueko emanaldia. Eta aurretik, pintxoak ere jarriko dituzte aukeran; Marokoko pintxoak, oraingoan.
Kultur arteko azoka, bihartik
Bestalde, eta horrekin lotuta, kultura arteko azoka jarriko du Hernani Errotzenek, bihar hasi eta igandera arte.