«Erritmo onean doa konpromiso bilketa, igandeko giza katerako», azaldu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, baina herritarrei eskatu die, lehenbailehen emateko izena, bertan parte hartzeko.
Donostiako Onkologikotik hasita, Gipuzkoa Plazaraino egingo dute giza katea, osasunaren alde eta erraustegiaren kontra. Ibilbidea bederatzi gunetan banatu dute, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzari bat emanez. Hernaniarrek, zehazki, Astoria kafetegitik Easo Plazara doan tartea izango dute, eta 500 lagun beharko dituzte, zati horretako katea osatzeko.
Goizeko 11:30etan, zita
Hiru ordu laurden iraungo du giza kateak, 11:30etan hasi eta 12:15etara arte. Gero, 13:00etan, ekitaldi batekin emango diote bukaera, Gipuzkoa Plazan.
Giza kate osoan, guztira, 5.000 lagun elkartu nahi dituzte, 5 kilometroko tartean.
Izena emateko, bi aukera
Antolakuntza lanak ahalik eta txukunen egiteko, eskatu dute ahal bezain laster emateko izena. Horretarako, bi aukera daude aukeran.
Batetik, tiketa erosi daiteke: Hernanin Zero Zaborrek bihar azokan jarriko duen postuan, 17:00etatik aurrera; edo Lurreko dendan.
Eta bestetik, internet bidez ere badago izena emateko aukera, www.erraustuez.org web orrian. Bertan aurkitu daiteke, baita ere, giza kateari buruzko informazio guztia.
Hernaniarrei, bat egiteko deia
Joan den igandean, herritar ugari bildu ziren Atsegindegin, hernaniarrei deia luzatzeko, giza katearekin bat egiteko. Orain arte, 400 herritar inguruk erosi dute tiketa.