Aurreko asteazkenean egin zuen batzar orokorra, Dobera Euskara Elkarteak, eta besteak beste, bazkideek erabaki zuten, aho batez, oraingo zuzendaritza taldeak jarraitzea, datozen bi urteetan ere. Horrela, Jexux Eizagirrek segiko du elkarteko lehendakaria izaten.
Egitasmo berriak, 2016an
2015eko kontuak eta memoria aurkeztu zituzten aurrena, eta ondoren, 2016ko aurrekontua eta egitasmoak eman zituzten aditzera. Aurten, bi ipuin berri kaleratuko ditu Doberak, eta kultur emanaldi eta irteerak antolatuko ditu. Gainera, gurasoen arteko mintzapraktika talde berriak sortu nahi ditu, eta webgune berria ere jarriko du martxan.
Kronika, bere aldetik, kudeaketa hobetzeko prozesu batean dago sartuta, Tokikomeko beste hainbat hedabiderekin batera, eta Euskaliten laguntzarekin.
Bi gai, bazkideek bozkatzeko
Bazkide batek proposatu zuen, Doberak babesa ematea Euskal Sahara proiektuari; bi herrien arteko harremana sustatzeko etxea Saharan. Bazkideek erabakiko dute, bozketa bidez, elkartea proiektuaren babesle izango ote den.
Eta bestetik, zalantzan jarri da Doberak loteria jokatu behar ote duen Gabonetan. Bazkideek bozkatuko dute hori ere.