Orain astebete bihurtu zuten Elkartasun Gunea, Tilosetako pasealekua, «Fresneseko euskal preso politikoek duintasunezko borroka bat daramaten bitartean, Itziar Morenok pairatzen duen isolamendu egoera salatu eta bukatzea eskatzeko», azaldu dute gunetik.
Eta ordutik, mota guztietako jarduerak burutu dituzte bertan: eztabaidak, hitzaldiak, musika emanaldiak, elkartasun ekimenak...
«24 orduko espazio bat da, adin eta mota ezberdinetako herritarrak biltzen dituena»
Beste lau preso politikorekin, Ugaitz Errazkin hernaniarrak hasi zuen gose greba izan zen pizgarria, eta «guztiona den borroka honen elkartasunez» sortu zuten gunea: «24 orduko espazioa da, adin eta mota ezberdinetako herritarrarrak biltzen dituena. Eta funtsean, horrek ematen dio indarra».
«Nabari da ez gaudela prest amore emateko»
Borrokan jarraituko dutela ere aurreratu dute Elkartasun Gunetik: «nabari da, denbora berri hauetan ez gaudela prest amore emateko, eta ez ditugula gure kide eta burkideak espetxe zuloan bakarrik utziko. Herri honen bidea batera egingo dugu haiekin, bai ziegetan bahiturik dauden bitartean, eta baita handik ateratzean ere. Muxu eta elkartasun besarkada iraultzaile bat Itziarri, eta nola ez Ekhiñe, Iratxe, Oier, Xabier, Saul, Enrique, eta baita Ugaitz Errazkin herritarrari ere».
Bide batez, herritar guztiak animatu nahi dituzte, Euskal Herrian zehar mobilizatu eta borrokan parte hartzera, herri bezala: «haiek barrutik eta guk kanpotik tira behar dugulako, horma guztiak bota eta denak etxean eta aske izateko».
Ekintza gehiago izango dira gaur. 11:30etan prentsaurrekoa emango dute, eta 19:00etan batzar informatiboa eta manifestazioa izango da Plazan. Horietara, ahalik eta jende gehien joatea eskatu dute.
Ostiralean martxa, Fresnesera
Ostiralean, berriz, martxa antolatu dute Fresnesera, Atsegindegitik abiatuta, 21:00etan. Txartelak salgai daude, Garinen.
GAURKO EGITARAUA
11:00, Kedada, gunean.
11:30, Prentsaurrekoa, gunean.
12:00, Kaxkoan buelta.
16:00, Kedada, gunean.
19:30, Manifestazioa, Plazan.
Ondoren, gaua pasa, gunean.