Azken txanpan sartu da CD Hernani, bere 75garren urteurreneko ospakizunetan. Aste honetan izango dituzte azkenak: hitzaldia, antzerki saioa, futbol jardunaldia eta esku pelota jaialdia.
Hitzaldia ostegunean, futboleko hiru adituk
Ostegunean izango da aurrenekoa, futboleko hiru adituren hitzaldi teknikoa: Loren Juarros, Realeko kirol zuzendaria; eta Gaizka Garitano eta Ricardo Sa Pinto entrenatzaileak. Hirurak dira, gainera, Realeko jokalari izandakoak.
Arratsaldeko 19:30etan izango da saioa, udaletxeko areto nagusian, eta errendimendurako formakuntzaz ariko dira hirurak, goi mailara iristeko bide gisa.
‘Jokoz kanpo’ antzerkia, ostiralean
Hurrengo egunean, berriz, antzerki saioa izango da Biterin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera: Jokoz kanpo. Real Sociedad Fundazioak eta CD Hernanik antolatu dute, elkarlanean.
Eta astea eta urteurreneko ekintzak borobiltzeko, zita bikoitza izango da igandean. Batetik, futbol eskolako jardunaldi berezia egingo dute Zubipen, goizeko 09:00etan hasita. Eta bestetik, esku pelota jaialdia izango da kiroldegiko frontoian, 11:00etatik aurrera. Hain justu, Berria txapelketako kanporaketa izango da.