kolonbiarra zara eta Katalunian bizi zara, nolatan iritsi zara Hernanira?
Gertaera kate bati esker nago hemen. Alde batetik, 2003an, ipuin kontaketari eta haurren liburuei lotutako hainbat ekitaldik Espainiara eraman ninduten, batez ere, Madrilera eta Kanariar Irletara. Gainera, neska baten atzetik ere etorri nintzen urte berean, eta biok Bartzelonan finkatu ginen. Gero gure artekoa bukatu egin zen, baina biok han jarraitzen dugu, gustura baikaude.
Bestetik, Lucia Arias (AMHEReko langilea) aspalditik ezagutzen dut, 80ko hamarkadatik, gutxi gorabehera. Orduan, bera Euskal Herrian eta ni Katalunian, harremanetan jarraitu izan dugu beti eta berak proposatutako lanari esker nago ni hemen.
Hernanirekin harremanik ez izatetik, ‘Hernani Hitzetan’ ekimenaren antolaketan parte hartzera pasa zinen.
Egia da, eta istorio nahiko bitxia dauka atzetik. AMHEReko Luciak eta liburutegiko Rakelek proposatuta, ahozko narrazioaren inguruko tailer bat eman nuen 2014an, Hernanin. Eta tailerra ematen hasterako, sorpresa polita hartu nuen: 12 partehartzailetik, 8 nazionalitate desberdin zeuden, hizkuntza asko eta hiru belaunaldi.
Tailerra hasi bezain laster konturatu nintzen zer-nolako altxorra zegoen bertan: hizkuntza desberdinak, istorioak kontatzeko moduak eta horretarako erabilitako keinuak anitzak zirela... Ondorioz, hori esploratzeari ekin genion: bakoitzak bere ipuinak jatorrizko hizkuntzan kontatu zituen, gero euskeratu egiten ziren, eta ondoren, gaztelaniaz kontatzen zituzten, batez ere, nik ulertzeko.
Asko gozatu nuen tailerrarekin, eta partehartzaileek ere bai. Garai haietan ez genuen jendaurrean ezer egin, baina gure artean, emanaldi txiki bat antolatu genuen Biteriko plazan.
Horren harira, nik proposatu nuen Narraton delako bat egitea, ipuin kontaketari eskainitako egun bateko jardunaldia, tailerreko partehartzaileek jendaurrean ipuinak kontatu zitzaten.
Eta hori da ‘Hernani Hitzetan’ ekimenaren hasiera?
Hori da hazia, bai. Nire proposamenaren ondoren, ko-mentatu zuten: «zergatik ez ditugu emanaldi motzagoak egiten eta leku gehiagotan?».
Eta urtebete pasata, uste dut hori gakoa izan zela 2015ean ekimenak ongietorri ona izateko. Izan ere, jendearen lekuetara joan ginen: jubilatuen etxera, gaztetxera, institutura eta liburutegira, noski. Normalean jendea dabilen lekuetara joan ginen, orduan, hala nola geureratu egin genituen.
Bestalde, ekimenak jendea erakartzen du irekia delako, hau da, hitzarekin zerikusia duen orok tartea duelako, izan abestiak, poesia edo ipuinak.
Ipuinetako mezuak nabarmentzeaz gain, ekimen honen oinarrian kultura ezberdinak ere badaude, ezta?
Hori da, niretzat diaspora bat bezala da eta oso interesgarria da ekimena kultura ezberdinekin egitea. Iaz, adibidez, bi ume zeuden hirueledunak zirenak. Horrek, hasieratik, engantxatu egiten zaitu, baina beraien istorioak entzuteak ere bai. Bakoitzak bere tradiziotik ekartzen baitu zerbait, baina garrantzitsuak dira, baita ere, beraien hitz egiteko moduak eta egiten dituzten keinuak. Izan ere, badaude kultura bakoitzarekin lotura duten keinuak, baita hitzak ere.
«Badaude kultura bakoitzarekin lotura duten keinuak, baita hitzak ere»
Batzuk diote gaur egun zailagoa dela ahozko kontaketaren bitartez jendearengana iristea, zuk zer diozu?
Ahozko kontaketak bizirik dirau komunikatzeko, derrigorrez, hitz egin behar dugulako; autobusera igotzeko edota ogia erosteko, alegia. Beharrezkoak dira begiradak, hitzak eta keinuak.
Gainera, ipuinei dagokionez, antzinako informazioa, informazio genetikoa ematen dute, gizakion memoria dira. Horregatik, ipuinak kontatzea funtsezkoa da gizakiarentzat. Izan ipuin tradizionalak, baina baita ipuin errazak, egunerokoak, bitxikeriak eta garaiean garaiko ipuinak. Eta hori guztia bizirik dago oraindik.