«Oso garrantzitsua da hasieratik ahalik eta bazkide gehien egitea, finantziazioa lortzeko babesa baita hori»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 21a, 02:00

Goizuetan gasolindegia sor­tzeko pausuak ematen ari zarete. Orain arte hainbat eman dituzue, eta datorren astekoa ere garrantzitsua izango da. Kooperatiba sortzeko batzarra eratuko da. Zergatik da garrantzitsua herritarrak batzar horretara gerturatzea?
Maiatzak 28an eginen dugun batzarra, kooperatiba sortzeko lehen urratsa izanen da. Ba­tzarraren ondoren, kooperatiba eratzeko beste urrats burokratiko batzuk faltako dira. Hala ere data horretatik aurrera, maia­tzaren 28tik aurrera, hasi gaitezke kooperatibaren izenean, kontratazioak eta lanak egiten.
Bestalde batzar honetan au­keratuko da kooperatibako lehe­ne­nengo zuzendaritza ba­tzor­dea; eta estatutuak ere onartuko dira. Kooperatibako bazkide le­he­nengo momentutik egin nahi duenak bertara etorri behar du; edozein arrazoiengatik bertaratzea ezinezkoa badu, aurretik bo­toa emateko aukera izanen du.
Oso garrantzitsua da hasieratik ahalik eta bazkide gehienek bat egitea kooperatibaren proi­ek­tuarekin; besteak beste, fi­nan­tziazioa bilatzerakoan, proiektuari beste sendotasun bat ematen diolako. 

Bazkide bakoitzak 90 euroko ekarpena egin beharko du Kooperatibako kide izateko. Zer suposatuko du kooperatiboko kide izateak? Zein onura ekarriko dizkio?
Kooperatiba, irabazi asmorik gabekoa izanen da, eta egindako ekarpena jasotzeko aukerarik ez da egongo. Onurez hitz egiten hasita, alde batetik, eta guretzat garrantzitsuena, kooperatibak hartzen dituen erabakietan bazkide guztiok izenen dugula hitza eta botoa emateko aukera.
Bestalde, eta arlo ekonomikotik begiratuta, eragin zuzena izanen du, izan ere, nahiz eta gasolindegia denentzat irekia egonen den, bazkideek gainontzekoek baino merkeago izanen dute erregaia.

Zenbat bazkide behar dituzue proiektua aurrera ateratzeko?
Gutxieneko  kapital  soziala  osa­tzeko 25 bazkide  nahikoak  dira,  baina gasolindegia  mar­txan jartzeko diru jakin bat behar da, eta horretarako oso garrantzitsua izanen da hasieratik  ahalik  eta  bazkide ge­­hien izatea;  gainera,   herriaren  proiektu  bat  be­­­­­za­­l­a  ulertzen  dugunez,  herritar  guz­tiei eman  nahi  diegu  proiek­tuan  parte  hartzeko  aukera. Egindako inkestan, 158  per­tsona agertu ziren prest kooperatibako  bazkide  egitera.  Gure  asmoa kopuru hori gain­ditzea  da.  Kontuan  izanik  egi­ten  den  ekarpena  ez  dela  oso  handia  eta  jasotzen  den zer­­bitzua  oso  erabilgarria  izanen dela, pentsatzen dugu herritar gehienak eginen dutela bat  proiektuarekin.

Gasolindegia eraikitzeko aurrekontua aurkeztu zenuten: 156.000 euro gehi BEZ. Beste finantziazio iturririk aurreikusten duzue?
Noski kopuru handiez hitz egiten ari gara, eta proiektua fi­nantziatu ahal izateko banke­txe ezberdinen proposamenak jaso ditugu. Gure lana proposamen hauek jorratzea izanen da eta azken erabakia kooperatibako bazkideek, beraiek hartuko dute.

«Gasolindegia zerbitzu bat izango da herritarrentzat, ez negozio bat. 

Udala eta erakunde publikoen laguntzarik jaso duzue?
Udalaren aldetik hasiera hasieratik jaso dugu laguntza. Alkatea bera ere lan taldean dago eta gasolindegia kokatuko den lurra kosturik gabe utziko digu. Udalak garbi dauka proiektu hau herriarentzat oso positiboa izanen dela eta bere esku dagoena egingo du.

Kooperatiba sortuta, zein izanen dira hurrengo pausuak?
Larunbateko batzarraren on­do­ren, estatutuen onarpena ja­so behar dugu, eta ondoren koo­peratiba erregistratu eta inskribatzeko urratsak emanen ditugu. Ez dugu argi zenbat denbora beharko dugun fase hau bu­ka­tzeko, baina espero dugu udazkenerako Kooperatiba eratua egotea. Dena dela larunbatetik aurrera hasi gaitezke Goizu­koop- en izenean lanean.

Gasolindegia Asinko inguruan egitea aurreikusi duzue. Noiz hasiko litzateke obra? Behin hasita, zenbateko epean egingo litzateke gasolindegia?
Lan batzuk egiten hasi gaitezke nahiko azkar, ingurua prestatu, dauden pinuak moztu, gaur egungo estalpea kendu, etab. Obrarekin hasteko, proiektua esku artean izan beharko dugu;: baina gure asmoa da, lehenbailehen hastea. Epeen inguruan, data zehatzak jartzea ez da erraza, baina behin hasita, ez dugu uste hilabete asko pasako direnik irekia egon arte.

Auzolanean egiteko asmoa ere azaldu duzue bileretan...
Bai noski, auzolanak, abantaila ekonomikoez gain, beste abantaila batzuk ere ematen dizkigu. Alde batetik elkarlanaren balioa indartzen du, harremanak sendotzen ditu, eta gainera, lanean aritzen denak berea egiten du proiektua, eta hori baino gauza hoberik ez dago egitasmo bat aurrera ateratzeko.

«Gasolindegitik ateratzen den etekina, herrian inbertituko dugu, aukeratzen ditugun proiektuak aurrera eraman 
ahal izateko . 

Atzera eginda, Goizuetak aspalditik duen beharra da gasolindegiarena. Herrian iniziatibak harrera ona izan du. Orain arte egindako bidearen inguruan zein balorazio egiten duzue?
Oso positiboa, urtarrilean egin genuen batzarrean ikusi genuen atzera bueltarik ez zuela. Goizuetan 100 lagun biltzea ba­tzar batean ez da oso gauza erraza, eta gainera era guztietako jendea zegoen: gazteak, edadetuak, kalekoak, baserritarrak... Azken finean herritar gehienok daukagu gasolindegiaren beharra eta gaur egun ematen den paradoxa da, kasu batzuetan, de­positua bete ahal izateko 25 kilometro egin behar ditugula, bertan ez baitaukagu betetzerik.

Gasolindegi bat izateak zer emango dio herriari?
Gasolindegia guk herriarentzat zerbitzu bat bezala ikusten dugu, ez negozio modura. Herritarroi eta hemendik pasatzen diren guztiei, bertan gasolina botatzeko aukera emango digu.  Gainera, gure asmoa da, inguruko gasolindegietan baino merkeago eskaintzea: hor dago lehenengo onura zuzena herritarrentzat. Bestetik, gasolindegitik ateratzen den etekina, berriro ere herrian inbertituko dugu aukeratzen ditugun proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Azken finean herritarrok erregaian gastatzen dugunaren etekina bertan geldituko da, modu zuzenean edo zeharka.

Eta kooperatiba gisa, herritarren artean egiteak, zein balore emango dio?
Hasteko herritik sortutako asmo bat da, eta herritarrek konpart­itzen dutena. Herritar guztiok  izango dugu proiektuaren parte izateko aukera eta hori horrela izateak ematen dio benetako indarra proiektuari. 

Kooperatiba, etorkizunean hainbat iniziatiba edo ekimen martxan jartzeko modua izan daitekeela uste al duzue?
Noski, Kooperatibaren lehengo proiek­tua gasolindegiarena izango da. Eta honek eraku­tsiko digu, eskuartean bideragarria den egitasmo bat baldin badaukagu eta herritarrekin konparti­tzen badugu, denon artean uste duguna baino gaitasun handiagoa izan dezakegula edozein egitasmo aurrera ateratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!