Eskolharria, biharko herria lelopean, aldarrikapen-festa egingo du gaur Sortzen elkarteak, taldearen 25 urteak ospatzeko. Baina ez da nolanahiko festa izango, izan ere, antolatzaileek diotenez, «hezkuntza proiektuak» aterako dituzte kalera.
Goizeko 10:30etan emango diote hasiera festari, Sortzeneko kideen ongietorriarekin, eta Axeri Dantzaren emanaldiarekin.
Guneetan aldaketak
Lau gune jarriko zituzten herrian zehar, baina eguraldia dela eta festaren egitura aldatu behar izan dute. Ondorioz, hiru txokotan berrantolatu dituzte ekintza guztiak: Atsegindegin egingo dira jolasak; Udaletxean, hitzaldiak; eta Biterin, tailerrak.
Goizeko plana, familia osoarentzat
Goizeko 11:00etatik aurrera, ekintza mordoa izango da, betiere euskal eskola publiko berriaren hausnarketarako, eta nola ez, haur eta helduen dibertsiorako.
Bukatzeko, kontzertua
Eguerdiko 14:00etan bukatuko da festa ofizialki, bertsolariek Atsegindegin egingo duten agurrarekin.
Baina azken momentuko sorpresa bat jakinarazi dute antolatzaileek: 14:30etatik aurrera kontzertua eskainiko du Laiotzek Atsegindegin. Eta bertan abestuko dute, besteak beste, gaurko festarako espresuki egindako kanta.
Horrez gain, kontzertua baino lehen, postua jarriko du Laiotz taldeak, eta bertan eskuratu ahal izango dira beraien kamisetak, baita datozen asteetan argitaratuko duten diska berria erreserbatu ere.
Dobera ere, festarekin bat
Postua jarriko duen beste talde bat Dobera Euskara Elkartea izango da. Atsegindegin, haurren gunean, izango du bere txokoa, eta jada ezagunak diren Chertat eta Lehoia eta Zozomikoteak ipuinak kontatuko dituzte, goizeko 11:30etatik eguerdiko 12:00etara. yy