Aurreko larunbatean egin zuten bigarren batzarra, Goizuetan jarri nahi duten gasolindegiaren nondik norakoak azaltzeko herritarrei. Eta dagoeneko, beste pauso garrantzitsu baterako jarri dute zita: maiatzaren 28an, batzar eratzailea eginen dute; kooperatiba sortzeko aurreneko pausoa.
«Bertara azaldu beharko du bazkide izan nahi duenak, eta hortik aurrera, kooperatiba gisa funtzionatzen hasiko gara, Goizukoop izenarekin», azaldu du Unai Mirandak, proiektuan lanean ari den taldeko kideak.
90 euroko ekarpena, bazkide bakoitzak
Kooperatibako bazkide bakoitzak, 90 euroko ekarpena egingo du, eta horren truke, gero abantailak izango ditu; merkeago izanen du gasolina.
Larunbatean, aurrekontua ere aurkeztu zuten, gasolindegiaren bultzatzaileek: 156.000 euro gehi BEZ.
«Finantzazioa lortzeko bide desberdinak ere ari gara urratzen, eta aukera ikusten dugu», dio Mirandak.
70 bat lagun, bileran
«Aurrenekoan baino gutxixeago» izan ziren arren, 70 bat lagun azaldu ziren bilerara, joan den larunbatean. Bertan azaldu zizkieten, herritarrei pasa zieten inkestaren emaitzak.
«300 inkesta banatu genituen etxeetan, eta 150 bat erantzun jaso ditugu. Horien arabera, hileroko kontsumoa 19.300 litrokoa izango litzateke, eta gehienak daude herrian bertan kontsumitzeko prest».
Galdetu zuten, baita ere, etxe bakoitzean zenbat egongo liraketen prest bazkide izateko, eta 158 lagunek erakutsi dute horretarako prestutasuna.
Gasolindegia, Asinko inguruan
Gasolindegiaren kokalekua ere zehaztu zuten: Asinko inguruan jarriko dute. Eta hura egiteko, auzolanaz ere baliatu nahi dute, herritarren laguntzaz: «auzolanean egin nahi dugu obraren zati bat, gastuak ahal bezainbeste murrizteko».