Mendia eta giro ederra, gaur zortziko plana

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 14a, 02:00

Ez dute hutsik eginen aurten ere, mendi lasterkariek Goizuetan. Gaur zortzi, datorren larunbatean, izanen da GoizuTrail, eta iazko arrakasta ikusita, bi ibilbide izanen dira aukeran berriro: luzea, 25 kilometrokoa; eta motza, 10 kilometrokoa.
Ibilbideak, iazko berdinak izanen dira. Aitasemegi auzoan gora joanen dira denak, Eneko Elorriraino (680 m), eta herrira bueltan jaitsiko dira: helmuga izanen dute bertan motzekoek, eta bigarren zatia hasteko ordua, luzekoek. Alainzuriain auzotik segi, eta Mandoegira (1.045 m) igoko dira, gero arbasoen aztarnei segika jaisteko Goizuetara, harrespilen artetik.

Izenemateak, interneten
Goizeko 09:00etan hasiko dira bi lasterketak, eta 07:30etatik aurrera izanen da aukera, dortsalak hartzeko edota azken izenemateak egiteko.
Hala ere, aurretik egitea izaten da ohikoena, eta horretarako, interneten dago aukera: www.herrikrosa.eus. Proba luzerako, 20 euro dira, eta mo­tzerako 15 euro; goizuetarrek, 5 euro merkeago izanen dute. Egunean bertan, berriz, 25 eta 20 euro izanen dira kanpokoentzat, hurrenez hurren.
Partehartzaile bakoitzak, opariz betetako poltsa jasoko du, hamaiketakoa ere eskainiko dute helmugan, eta opariak zozketatuko dituzte. Aurrene­koentzat, berriz, sariak ere izanen dira: luzeko aurreneko hiru gizon eta emakumeei, 150, 100 eta 50 euro, eta aurreneko goizuetarrei 100 euro; eta ibilbide motzean, lehenengoari bi lagunentzako afaria, eta goizuetar onenei txuleta parea.

Datorren larunbatean jokatuko da GoizuTrail, eta ekainaren 5ean, Ereñotzuko Mendi Lasterketa.


Antolatzaileek azpimarratu dute, aurreko edizioetan herrian sortu den giroa: «eta hirugarren honetan ere, seguru gaude errepikatuko dela, kontuan izanik Kintoen eguna ospatuko dela herrian. Goizetik gauera, egunpasa ederra egiteko aitzakia bikaina».

Ereñotzuko Mendi Lasterketa, bi aste beranduago
GoizuTraili, Ereñotzuko Mendi Laster­ketak hartuko dio txanda, bi aste be­randuago, ekainaren 5ean. Aurreko urteetako ibilbide bera izango du, eta izenematea zabalik dago: interneten, www.kirolprobak.com web orrian; edo Hernaniko Ibai Mendi kirolak dendan. 12 euro dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!